Literatura atsegin zaizu, ondo da, egizu literatura

Askotan, geure garrantziaren pisua izaten da intuiziotik, askatasunetik eta mirariek behar duten inprobisaziotik aldentzen gaituena. Horregatik maite ditut genero txikiak, haurrentzako liburuak, komediak, drama erromantikoak, abentura liburuak. Errealismotik aldentzen dira. Ez dira kritikak maite dituen burgesia txikiaren kritika zorrotzak. Intelektualismoak txatartegira bota ditu. Baina askotan hortxe askatzen dira irudimena, umorea eta edozein prozesuk jeniala izateko behar duen askatasuna.

Maisu lan bat egiteko, distrazioren bat komeni da. Horixe irakurri nion behin Fernando Trueba zine zuzendariari. Ez du zertan baina egia da bikainak eta, bereziki, esanguratsuak izatearen pisuak ito dituela hainbat eta hainbat artelan. Teklatua eta arkatza gogortu egiten dira norberak Historia, Kanona eta Kritikoak begira sentitzen dituenean. Denoi pasatu zaigu: zenbat eta garrantzitsuagoa esku artean genuen lana are dorpeago ibili gara. Horregatik sortu dira horrenbeste maisulan genero txikietan.

«Vallenato»aren formula ustez ezgauza hartuta egin zuen Garcia Marquezek Cien años de soledad eta gaztelaniaz idatzi den eleberri ezagunena idatzi zuen, XX. mendekoen artean, behintzat. Ordura arte On Kixotek zeukan meritua, alegia, bere garaiko zaldunei buruzko pulp liburuetan oinarritutako komedia batek. Begira Raymond Chandlerri ere zer gertatu zitzaion genero beltzarekin. Gaztetan poeta kaskar ia erridikulua zen, baina inork aintzat hartzen ez zuen genero batera heldu zenean, sorbaldatik begira zituen urre gorrizko berba potoloak ahaztu zituen eta literaturaren ura aurkitu zuen.

Herriak maite duen zaborra ez delako inoiz zaborra. Horregatik agertzen dira emozio momentu hain ederrak pulpitoetatik kanpo, historialariei begira idatzi diren orrialdeetatik harago. Sautrela saioan halako zerbait esaten saiatu nintzen aspaldi, horretarako bihotzez maite dudan Txitoen istorioa liburua adibidetzat erabilita. Gustuko autoreen testuak irakurtzeko eskatu zidaten eta Bernardo Atxagak umeentzako idatzitako La rosa púrpura del Cairo nolabaitekoa aukeratu nuen, benetan pentsatzen dudalako haurrentzako liburuetan eta Bakarty James bakeroaren liburu horretan daudela Atxagaren literaturaren une hunkigarrienetako hainbat. Behin baino gehiagotan bere poema eder askotan agertzen den antisentimentalismoetatik salbu. 

Eta gaur, hemen, halako beste harribitxi bat erreibindikatzera nator. Andu Lertxundi eta Antton Olariagaren Madame Kontxexi Uribe Brigada & Detektibe saileko 6. alea berrirakurri dut eta bere sasoian iruditu zitzaidana baino ganberroagoa eta hobea iruditu zait. Gaztetxotan hainbat barre egin nituen Sardina Ezpain Gorriaren Kasuarekin, baina ordukoak oraingoen erdia baino ez dira izan. Irakurri. Berrirakurri. Ikusiko duzue ez dela idatzi euskal literaturan gure tasun kultural elitista-garbizale-absurdo guztiak hain agerian jartzen dituen beste libururik. Esan, benetan, topatzen duzuen inon ama bahitu diotelakoan Sevillara doan Bixentiko baino gure parodia hoberik,. Geure Ignatius J. Reilly da Bixentiko, bohemioa & malditoa izan nahi duen kixote-kokolo bat, literatura egiteko adorerik ez duenez, literaturari buruzko teoriak egiten dituena, euskararen garbizalekerien errotetan denbora galtzen, euskaldunzahar tentel baten moduan, bere ondoan euskaldunberri askoz azkarrago bat duela konturatu gabe. Adingabe, gixajo, fraileki, euskaldun eta astun, azkenerako Bixentiko maitagarria egingo zaizu eta beharbada neure moduan hunkituko zara bere amak idazle izan nahi duen edonori eman dakiokeen aholkurik onena ematen dionean. Gure literatura-munduko Bixentiko guztiei eman ahal zaiena eta, bereziki, barru-barruan euskararen sotana jartzearekin mehatxu egiten dugun bakoitzaren ageri zaigun Bixentiko intimoari. «Literatura atsegin zaizu. Ondo da. Egizu literatura».

Apuntatu: Madame Kontxexi Uribe Brigada & Detektiberen Sardina Ezpain Gorriaren kasua. Euskal literaturaren eta euskal kulturaren analisi ganberroa eta hunkigarria. La hoguera de las vanidades labelduna, Sin noticias de Gurb bezain anarkista, Ocho apellidos vascosen aurreko Ocho apellidos vascos avant la lettre halamoduko bat, Tom Sharpe baten crescendo komiko jenialak lortzera iristen dena. Bertan aurkitu dut gure kulturari egin ahal zaion diagnostikorik zorrotzena eta horrekin batera, gure txorrada eta eritasun guztietatik salba gaitzakeen botika. Edo beste modu batera esanda, tócala, tócala, toca las palmas, toca guitarra, toca palillos, toca la flauta, toca el tambor.


Irati Jimenez

«Gora genero txikiak, gora Bixentiko!», Elkar aldizkaria 55. zenbakia, 2019ko udaberria

Irudia: Haurra Londresko Romford Marketeko komiki postu batean 1947. urtean