Nietzschek bazuen bestelako aberririk, geografia fisikoaz haraindi zegoena. Musika, alegia. Txiki-txikitatik izan zuen musikarekin erabateko harreman estua: erritmoa, melodia, kadentzia, tonua. Barne-muinetaraino hunkitzen zuen musikak, hura sortzeko aparteko dohainik ez zuen arren. Hala eta guztiz, berezko sentiberatasuna lagun, poesiaz —energiaz; musikaz— jantziko du filosofia. Nietzscheren edozein irakurlek berehala irensten du —igarri bainoago— haren estiloaren kemen paregabea, indar ikaragarria. Eldarnio gartsuz aurreratzearen sentsazio zorabiagarria izaten du, limurtzailea bezain arriskutsua den boltaje handiko poesian murgilduta.
Poesia, musika eta filosofia uztartzera oldartuko zen Nietzsche; bide berriak irekitzera. Pentsatzea, harentzat, adorea eta abilezia eskatzen zuen balentria zen. Naturak, bizitzak, izateak berak: guztiak zuen borroka sakonenaren ikurra.
Dinamita balitz bezala: a bad boy
Errealitatea ezin zen ulermen kontzeptuez atzeman, deliberatu zuen, eta metafora labainen bitartez baino ezin gintezke hurbil kontzeptu haien anizkoiztasun aldakorrera. lrristakortasun horrek —jarraitasunez lan egiten uzten ez zioten osasun gabeziez gain— iradokizunaren eta aforismoaren maisu egin zuten Nietzsche. Bere mezua parrastadaka, tiro-sorta moduan soilik zizelka zezakeen. Premiak bultzatuta —beharra beti jakitun—, aforismo eta zirto laburrez hornitu zen; aforismo ziztatzaiIeak, polifonikoak eta gupidagabetasun errugabean ezin zuhurragoak.
Garaikide zituenen kezkak arakatzeari ekin zion. Bizitza eternoa? Bizitza eternoa ez, konturatu zen, bizitasun eternoa baizik! Horrek zuen benetako garrantzia! Bost axola bizitza eternoa! Bizitza honetan dena egin behar zelako irrikak hartu zion. Dena, lo ezik. Begiak ireki, entzumena zolitu, arnasa sakondu: izan!
Tra-Ia-Ia, grekoak dantzan
Helburu horrekin, filosofoen lanetan baino, haien bizitzan jarri zuen arreta. Garrantzitsuena, edonola ere, bizitza zen; idazten baldin bazen, estiloak bizi egin behar zuen. Eta hori nahi zuen Nietzschek: garrasi egiten zuten hitzak munduratu; pentsamenduari hizkuntza berri bat eskaini; edo bueno, hizkuntza berria eskaintzea baino, klasikoen mintzaira miretsia berreskuratu.
Nietzschek Aro Klasikoan aurkitu zuen oihartzunik gertukoena. Grekoak eta erromatarrak askoz hurbilago sumatzen zituen garaikideak baino. Zergatik ukatu behar zuen klasikoen ondorengo zuzena —ez soilik kuIturala-edo— izan zitekeenik? Linealtasuna ilusioa besterik ez zen eta Nietzschek kolokan jarriko zuen. Hark esana da:
«Nik ez dut ulertzen, baina nire aita Julio Zesar izan liteke, edo Alexandro».
Denborak, jarraitasunak, ez baitzeukan zentzu lineala. Ez baitzeukan zentzurik: Kosmosa erdi(sasi)zirkuluetan mugitzen zen, berdinaren nola-halako errepikapen eternoan. Denborak jauzika eta sokadantzan bezala aurreratzeko eskubidea eta ohitura zeukan; errealitateak ez zuen zirudiena izan beharrik. Nietzschek Julio Zesar izan zezakeen aita; eromena arrazoi; poesia aberri.
Hori nahi zuen Nietzschek: garrasi egiten zuten hitzak munduratu; pentsamenduari hizkuntza berri bat eskaini; edo bueno, hizkuntza berria eskaintzea baino, klasikoen mintzaira miretsia berreskuratu.
Maitaleez, mon amour
Nietzsche —denon antzera— maitemindu zen. Lou Andreas-Salome izeneko, eta artikulu propio oso bat mereziko lukeen, ezhoiko neska batez. Hala ere —esanda dago—, musika izan zuen, egiazki, maitaleen. Ezbai gutxi, horretan.
Doinu bizidun testuak, hortaz. Baina erritmo limurtzaileenaz bakarrik ez: Nietzschek —haren musikak, haren poesiak— zerbait esan nahi zuen. Ez zen hitzhutskeriaren lagun. Bere burua hartu zuen esperimentugai, eta arrazoiaren mugak, oldarkor eta eroki, noraino iristen ziren aztertu nahi izan zuen; askatasuna eta egia —to hitzak!— zer izan zitezkeen arakatu.

Ene, ba: jolasa?
Norberaren indarra, metodo gisa; norberaren lengoaia, jokoaren pieza moduan. Jokoa baitzen nagusi; jolasa eta dantza; barrea. Nietzsche izan zen —milurteko pentsamenduak zeharkatu zituen ohitura madarikatu bat hautsiz— barre ozena egiten ausartu zen gutxienetako bat. Filosofia sakon-astuna baldin bazen —zenbatetan ez ote diren bi epiteto horiek nahastu!—, ez zen berez horrela zelako: gaitzak jota zegoen. Pentsamenduak erritmo alaiagoak txertatzeko garaia zuen jada, biziko bazen.
Ekaitza, barrea, tximista, dantza, borroka… Alaitasuna! Gizakiaren Historia bitan zatikatzea: horixe zuen jomuga bere filosofiak. Horren ordez, ostera, Nietzsche filosofiako liburuetan ageri da. Berak nahiago zukeen —zalantzarik?— bufoi izatea; apostolu, beharbada; edo, nola ez, jainko. Haatik, beste filosofoen alboan agertzen da. Pentsalari sailkaezina sailkatuta! Nietzsche: eskarmentu oro nahi zuen probetxugarri, egun oro sakratu, gizon oro jainkotiar! Gogo-alkimistaren tramankuluen artean galduta, lohikeria urre bihurtzeko beharra zuen; itxaropena ukigai!
Ciao: eromena
Gero… gero ilunpea etorri zen; Nietzscheren azken melodia, azken ekaitza. Arrazoiaren mugak miatzean, eldarnioaren hatzaparretan amildu zen. Agian, bilatzen zuen hura aurkitu zuen: agian, askatasuna eta egia —hain iheskorrak beti— eromenean baino ez ziren posible.
Fernando Morillo
«Grezia: Friedrich Nietzsche, Poesia aberri», Euskaldunon Egunkarian, 2001eko abuztuaren 2an
