Eskerrak eman nahi dizkiet

Poemagintzaz luzaroan mintzatu gaitezke gaia ezertan ahortu gabe. Poema alosiek iradokitzen dutela uste zuten klasikoek ostera Edgar Allan Poek (Ez ote zuen Jon Mirandek eredutzat?) logikaren sorkaria dela esan zuen; surrealistek subkontzientearen azalbidea aldarrikatu zuten, ostera Bertol Brecht eta bestek (Gabriel Arestik euskaratu zuen tradizioan) gizarte errealitatea adierazteko eta burrukatzeko harma zela sinetsi edo sinestarazi nahi izan zuten. Izan ere ez da ezer finkatua, eta poesia idazten hasten den bakoitzak hautatu eta landu behar du bere alorra, bere adierazbidea eta ez beste inorena delako.

Nire poemei dagokien aldetik, hiru gauza iruditzen zaizkit, poemagintzaren sorrerari buruz, aipagarri. Alde batetik literatura oro literaturaren literatura da, hots, literatura berari buruzkoa, eta poema orok aurreko poemagintzan du erroa, eta nirea ere erreferentzia literarioz beterik dago. Beste aldetik, bizimodu arrunteko egoeratan ere sortzen dira ideia literarioak, eta hauetaz ere baliatu naiz. Esate baterako, ene haurtzaroko situazio bat oroitzen dut zenbait poematan: lau urte nituelarik itsutu egin zen hauzoko agurea eta neuk ateratzen eta zaintzen nuen, eskutik oratuta, etxetik kanpora. Harako lekutan zer ikusten nuenentz galdetzen zidan eta nik, bada, nekusana kondatzen nion. Hirugarrenez, Pott Banda aipatu behar dut ene erro literarioei buruz, zeren eta hemeretzi urte nituen sortu zenean eta, erakutsi guti baina ikasi haunitz egin bait dut Bandaren hiru urteko historian. Sei elkartzen ginen Bilboko Alde Zaharreko tabernan: Ruper Ordorika, Bernardo Atxaga, Jimu Iturralde, Jon Juaristi, Manu Ertzila eta seirok. Oso desberdinak ginen kreaturok, gero bakoitzari asturuak erakutsi dion bezala, baina orduan nolabaiteko heterodoxiak elkartzen ginduen eta solasaldi atseginak genituen astero. Eskerrak eman nahi dizkiet.

Joseba Sarrionandia

«Prologoa», Carabanchel, 1981eko otsailaren 15ean, Izuen gordelekuetan barrena, BAK, 1981

Irudia: Ezkerretik, Jimu Iturralde, Bernardo Atxaga eta Joseba Sarrionandia Martuteneko kartzelan 1985. urteko udaberri-uda inguruan. Argazkia Josu Landarena.