Jokin, munduak jakingo du zure berri

Apirilaren 25a. Goizean, egunero bezala, ospitalean sendagileekin hitz egin nuenean, nabarmen beherantz zihoala eta denbora gutxiko bizitza zuela esan zidaten. Betirako etena, nik nioen bezala. Kolpea sentitu nuen barruan. Eta lehenbailehen izan zedila esan nien, ez bainuen nahi Jokin maitea horrela ikusi. Ez zuela sufritzen esaten zidaten behin eta berriz, baina arnasestu hura, bekoki bero hura, sabelaren mugimendu haiek… kontrakoa zirudien. Musuz bete nuen eta alde egin nuen, baita lagunek ere.

Erizain bat agertu zitzaidan orduan, maitekiro, apaiza nahi nuen galdezka. Eskertu nion, baina gure Herrian sinesten genuela esan nion, eta ez jainkoan.

Arratsaldeko lauretan, etxekoek eta lagunek agurtu zuten, eta bakarrik geratu nintzen berarekin ZIUko box hartan. Erizain bat agertu zitzaidan orduan, maitekiro, apaiza nahi nuen galdezka. Eskertu nion, baina gure Herrian sinesten genuela esan nion, eta ez jainkoan. Une hartan ez nuen ezer nahi; nire kide, lagun, maitale, senar, niretzat dena zen gizonarekin bizi edo hil, hori zen nahi nuena. «Eraman nazazu zurekin, nire Jokin maitea», esaten nion, ez zidala ezer entzuten jakin arren. «Maite-maite zaitut, nire kuttuna», esaten nion, bere gorputza musukatzen nuen bitartean. Eskerrak eman nizkion bizitza osoan eman zidan maitasunagatik, laguntzagatik, irakatsitakoarengatik.

Hasi zitzaizkion sorbaldak hozten eta orduan, hitzik bihozkorrenak, samurrenak abestu nizkion nire kuttunari belarrira, burua eusten niola. Azkeneko musuak ematerakoan zin egin nuen bere aurrean: «Jokin, munduak jakingo du zure berri. Zure oroimenez liburu bat idatziko dut. Hori izango da nire omenaldia». 

Itziar Aizpurua

Jokin Gorostidi: Autobiongrafia, Txalaparta, 2006

Irudia: Jokin Gorostidi eta Itziar Aizpurua. Itziar Aizpurua funtsa