Nik uste beterano hauek oinordetza utzi dutela

Nik esango nuke lehen galbahe handiegirik gabe argitaratzen zirela liburuak. Orain dena gehixeago begiratzen ote den nago. Ekoizpena asko ugaldu da, bai idazleen bai argitaletxeen ahalmen aldetik ere. (…) Aurren-aurren berri hartan nahikoa liburu politak argitaratu zirela uste dut, eta ez zela eragozpen handirik sortzen liburu on samarren bat argitaratzeko. (…) [Obabakoaken] Arrakastak ez gintuen gehiegi harritu. Guk behintzat bagenuen esperantza hori, ez dakit. Arrakasta? Beste arrakasta bat etorri zen hor, Premio Nacional delakoa eman ziotenean. Horrekin gehitu zitzaion kanpora begirako izaera hori. (…) Ziur aski aurreikuspenak ez ziren nahi adina beteko. Zaila da euskaratik guri zeinek egingo digun propaganda jakitea. Lan literarioa ezagutu behar da, eta euskara ez da hain hizkuntza hedatua. Zenbat liburu itzultzen diren ere, hor dago. Ez gehiegi. Aurreneko labealdiko idazleek lortu dute euren lanak itzul ditzaten, baina gazteenak, aldiz, ez dira gehiegi itzuli. (…) Obabakoak garrantzitsua izan da. Batez ere gure literatura kanpoan ezagutarazteko. Hemen bertan ere bai, baina hemen beste pauso garrantzitsuago batzuk ere izan ziren. Saizarbitoriaren eta Lertxundiren liburuak… bakoitzak bere maila bat eman du, eta kalitate maila ere igotzen joan da. Nik uste beterano hauek oinordetza utzi dutela.

Axentxio Hondarzabal

Ereineko editorea Obabakoak argitara eman zenean, elkarrizketa Euskaldunon Egunkarian, 1998ko uztailaren 25ean

Irudia: Bernardo Atxaga Nafarroako Unibertsitate Publikoan 1992. urtean