Pott bandaren mitifikazioa oso handia izan da. Pott bandan izan ginen sei lagun, batzar bat izaten genuen astean behin, literaturaz mintzatzekoan baina ez kritikaz mintzatzekoan. Gero ekiboko bat gertatu zen, Pott bandaren barruan uste genuen momentu batean oso talde homogeneo bat ginela eta ez zen egia. Esate baterako Bernardo Atxaga bazetorren Ustela taldetik eta oso interesaturik zegoen (Ramon Saizarbitoria edo Koldo Izagirre bat bezala) zorotasunean, eskizofreniaren lengoaian edo umeenean.
Gero bera oso banguardista zen Bernardok Batailleren ideiak maneiatzen zituen momentu hartan eta dadaismoa. Berarentzat literatura eta transgresioa gauza berbera zen. Ni ez, ni oso kontserbakorra naiz, ia alde guztietan, bai politikan, literaturan ere bai. Ni identifikatzen nintzen momentu hartan azken Arestirekin. Aresti literatura mailan oso tradizionalista bihurtu zen azken urteotan, Eliotengana bueltatu egin zen, Lau Koartetoak itzultzean. Berak hautatu zuen hizkuntz soluzioa azken urteotan, hau da, Leizarragaren euskara, ezin zitekeen tradizionalistagoa izan.
Ni neotradizionalista bat nintzen eta Bernardo banguardista bat. Nola explika daiteke biok eta Joseba Sarrionandia bat talde berberan egotea? Alde batetik, adiskidetasunagatik, adiskideak ginen eta gure arteko harremanak oso onak ziren. Eta gero oso enfrentatuta geunden demagun, Arestiren eskola sozialaren aurrean (Patri Urkizu, L. Haranburu Altuna…). Guk uste genuen poesia eta literatura soziala demodé zegoela momentu hartan. Hala ere, teoria literarioak eta ikuspegi kritikoak oso ezberdinak ziren eta dira. Nik amititzen dut Bernardo Atxaga oso idazle on bat dela baina ez nago berarekin ados. bere planteamendu literarioetan.
Jon Juaristi
Pello Urzelairen elkarrizketa Argian, 1987ko urtarrilaren 25ean