I
Oihu bat aditua izan da
Eskualdunen mendien artetik,
eta etxeko jaunak bere atearen aitzinean xutik,
ideki tu beharriak eta erran du:
«Nor da hor? Zer nahi daute?»
Eta xakurra, bere nausiaren oinetan lo zegoena
altxatu da eta karrasiz
Altabizkarren inguruak bete ditu.
II
Ibañetaren lepoan harrabots
bat agertzen da,
hurbiltzen da, arrokak ezker eta eskuin jotzen dituelarik;
hori da hurrundik heldu den armada baten burrunba.
Mendien kopetetarik guriek errespuesta eman diote;
berek duten seinua adierazi dute,
ta etxeko jaunak bere dardak zorrozten tu.
III
Heldu dira! Heldu dira! Zer lantzazko sasia!
Nola zer nahi kolorezko banderak
heien erdian agertzen diren!
Zer zimiztak atheratzen diren heien armetarik! (bis)
Zenbat dira? Haurra, kontatzak ongi.
Bat, biga, hirur, laur, bortz, sei, zazpi, zortzi, bederatzi
hamar, hameka, hamabi, hamairur, hamalaur, hamabortz, hamasei,
hamazazpi, hemezortzi, hemeretzi, hogoi.
IV
Hogoi eta milaka oraino.
Heien kontatzea denboraren galtzea liteke.
Hurbil ditzagun gure beso zailak,
errotik athera ditzagun arroka horiek.
Botha dezagun mendiaren patarra behera.
Heien buruen gaineraino;
leher ditzagun, herioz jo ditzagun.
V
Zer nahi zuten gure mendietarik
Norteko gizon horiek?
Zertako jin dira guro bakearen nahastera?
Jinkoak mendiak egin dituanean,
gizonek ez pasatzea nahi izan du.
Bainan arrokak biribilkolika erortzen dira,
tropak lehertzen dituzte.
Odola xurrutan badoa, haragi puskak dardaran daude.
Oh! Zenbat hezur karraskatuak! Zer odolezko itsasoa!
VI
Eskapa! Eskapa! Indar ata zaldi dituzuenak.
Eskapa hadi, Karlomano errege, hiru luma
beltzekin ata hire kapa gorriarekin;
hire hiloba maitea, Errolan zangarra, hantxet hila dago;
bere zangartasuna beretzako ez du izan.
Eta orain, Euskaldunak, utz ditzagun arroka horiek.
Jauts ghiten fite, igor ditzaugun gure dardak
eskapatzen direnen kontra.
VII
Badoazi! Badoazi! Non da bada lantzazko sasi hura?
Non dira heien erdian ageri ziren zernahi
kolorezko bandera hek.
Ez da gehiago zimiztarik ateratzen heien
arma odolez betetarik. (bis)
Zenbat dira? Haurra, kontatzak ongi.
Hogoi, hemeretzi, hemezortzi, hamazazpi, hamasei, hamabortz,
hamalaur, hamairur, hamabi, hameka, hamar, bederatzi,
zortzi, zazpi, sei, bortz, laur, hirur, biga, bat.
VIII
Bat! Ez da bihirik agertzen gehiago.
Akabo da. Etxeko jauna, joaiten ahal zira zure xakurrarekin.
Zure emaztearen eta zure haurren besarkatzera.
Zure darden garbitzera ata altxatzera, zure turutakin
eta gero heien gainean etzatera eta lo itera.
Gabaz, arranoak joanen dira haragi puska lehertu horien jatera.
Eta hezur horiek oro xurituko dira eternitatean.
Garay de Monglave eta Louis Duhalde d ‘Espelette
Altabizkarko kantua, XIX. mendearen lehen erdian
1834an argitaratu zen lehen aldiz kantu hau, Institut Historiqueko idazkari zen Garay de Monglaveren eskutik eta Karlomagnoren kantu garaikide bezala aurkeztu zuen Altabizkarko kantua, Pirinioetako bi isurialdeetan ahozko tradizioz kontserbatua. Garayk Garateko kondearen etxean testu zaharra gordetzen zuen pergaminoa ikusi zuela esan zuen eta, hark zabaldutako bertsioaren arabera, pergamino hau Tour d ‘Auvergne ospetsuarena izan zen, Donostian 1794an jaso zuena hiriko komentu bateko maiorraren eskutik.

Aurkikuntzak zeresana eta zalaparta handia sortu zuen berehala, eta garaiko aldizkari zientifikoetan artikulu ugari argitaratu ziren, adibidez, Actes de la Académie de Bordeaux (1855), Revue Béarnaise et Pyrénéenne (1863), Histoire du caractére et de l ‘esprit français (1867), Journal des Débats (1838) eta Dublin University Magazine (1875) argitaratutako lanetan. Antzinako testuetan aditua zen Bordeleko Unibertsitateko irakasle Francisque Michelek kantuaren benetakotasunean sinetsi zuen, baina idazle zintzoen jarduna eta idaztearen magia zer diren!; gaiari buruz argitaratu zuen artikuluan kantuaren antzinatasunean sinetsi arren, bere hausnarketetan agertu ziren gerora jakingo zenaren hainbat alderdi problematiko. Adibidez, Michelek antzinaroko antzeko beste kantu batzuekin alderatu ondoren, XV. mende amaierako bohemiar Défaite de Saxons olerkiarekin nolabaiteko antzekotasuna aurkitu zion.
1883ko abenduan, Wentworth Webster apaiz anglikar eta euskal gaien ikerlari zorrotzak zera jakitera eman zion Euskal Herriari eta munduari: Garay de Monglave baionarrak frantsesez konposatu zuen Altabizkarko kantua Parisen ikasten zegoenean. Berton ikasten zeuden euskal ikasleen bileretan abesteko konposatu zuen eta beste euskaldun batek, Louis Duhalde d ‘Espelettek, euskarara itzuli zuen, bertso librean.
Altabizkarko kantua euskaldunak Karlomagnoren armada garaitu zuten arokoa izan ez arren, ezbairik gabe herri honen jeinu literariotik sortua da eta bere antzinatasuna erreala ez dela jakiteak ez digu axola izan ustez tradizioarekin tematutako euskaldunoi, izan ere, kantak tai gabe belaunaldi berriak katigatu ditu bere ahalekin.
Hasieratik, euskaldunontzat garrantzi kontagaitza izango zuen gertakizunaren jokalekura eramaten gaitu eraginkortasun sinesgaitzezko kolpe batez. Hala, eszenatoki beliko guztiz tridimentsional horretako sinboloen karga literario eta emozionala zipriztintzen ari zaigu haur batek Michele edota Webster faszinatu zituen crescendo jenialari ekiten dionean: «Zenbat dira? Haurra, kontatzak ongi. / Bat, biga, hirur, laur, bortz, sei…». Segidan, Karlomagnoren armadak Iruñean egindako sarraski doilorrarengatiko mendekua bortizki lehertzen da biolentzia plastiko, politiko eta humano izugarriaz, eta Europako armadarik kolosalena garaitu duten euskaldunen eskutik gudaren amaierara goaz aurrekoaren moduko decrecendo ber-jenial batean: «Zenbat dira? Haurra, kontatzak ongi. / Hogoi, hemeretzi, hemezortzi, hamazazpi, hamasei, hamabortz…». Orduan, literarioki mendeetakoa izan arren, tarte erreal labur eta galkor horretan askatutako indar bortitzen hariak izkutatzen ari den eguzkiarekin biltzen ditu kantak eta etorkizunera jaurti hasieratik erakutsitako benazko lirikotasunarekin: «Gabaz, arranoak joanen dira haragi puska lehertu horien jatera. / Eta hezur horiek oro xurituko dira eternitatean».
Mikel Soto
