Ez ezazue tapa gizonaren ahoa

Ez ezazue tapa gizonaren ahoa, defendi dadin, hainbeste bidegabe egin zaio azken ehun mila urte honetan. Orain besoak indargabeturik ditu, burua erdi bitan, ez diozue kopetan adarrik ernaltzen utzi, ebaki dizkiozue eskuak ez dezan ezpatarik astindu. Hor datza, ezin defendi daiteke indarrez. Bakar-bakar-bakarrik geratzen zaio hitza.

Baina ez ezazue, ez ezazue, ez ezazue tapa gizonaren ahoa, hitzaz balia dadin, hitzaz zerbitza dadin, honela konpreni dezazuen zertarako jaiotzen den mundura. Ez, ezazue tapa gizonaren ahoa.

Baina geroago, nire ahoa handiegia zelako edo euren eskuak eta mordazak txikiegiak zirelako ez ninduten isilarazi. Batzuek niregan sinetsi zuten eta nire Harri eta Herri agertu zen. Bertan nire olerki bakan batzuk atera ziren argitara. Gehienak etxean geratu ziren gordeta, gainerako guztiak.

Baina atera zen apurra nahikoa zen eta harriak ere enteratu ziren Bilbaon poeta ero bat bizi zela.

Euskaldun gazteria nirekin zegoen, nire poesian gauza berri eta desiatu asko ikusten zituen

Eta orduan nirekin adiskidetu ziren. Bilbaoko La Bilbaína burges elkartera ere gonbidatu ninduten behin. Argazkia ere badago zein kariño ederrarekin tratatu ninduten. Honela esaten zidatela zirudien: «Bueno, mutil, orain nahikoa duk, gizondu haiz, familia daukak eta lehengo zoroaldiak alde batera utzi behar dituk. Orain gure tarteko bat izan hinteke».

Oso errezelo handiarekin erretiratu nintzen etxera. «Hau nintzenean etsai nituen haiek orain adiskide ditut. Zergatik izanen da?». Hala pentsatzen nuen, baina erantzuna laster etorri zitzaidan.

Bartzelonara deitu zidaten euskal estudianteek. Gero Tolosara, Ibarrolaren pintura erakusketaren inauguraziora. Eta bertan aurkitu nuen erantzuna, bertan kausitu nuen ihardespena, bertan topatu nuen arrapostua: euskaldun gazteria nirekin zegoen, nire poesian gauza berri eta desiatu asko ikusten zituen. Eta gazteria haren gurasoak bide onera ekarri nahi zuen, euren seme-alaben sinbolo bat zen hura. Eskua luzatu zidaten, baina ni ez nintzen konforme geratu eta bizkarra itzuli egin nien.

Umeengana oldartu nintzen eta horrela esan nuen: «Hartutako bidea ez da lehen pausua baizik. Kontent zaudete nirekin, baina hemendik gutxira ez zarete kontent egonen. Gizonduko zarete, elkarrekin ezkonduko zarete, eta bizi beharraren apuru zorrotza sentituko duzue giltzurrunetan. Orduan etorriko zaizkizu gurasoak beso zabalik. Hauek gazte denborako zorakeriak izan dira eta artegira bihurtu behar duzue. Ez zabiltzate txantxetan. Euskararen salbazio hori alferrikako gauza da. Hori ondo dago gure negozioak zilegiztatzeko, aitzakia bezala, baina egin dezagun dirua, zabal ditzagun fabrikak, zabal ditzagun komertzioak, asko dibertitu zarete orain artean».

Eta nik esan nien neska-mutilei: Hartutako bidea ez da txantxetakoa, benetakoa baizik. Ideal bat daukagu eta azkeneko kontsekuentzietaraino joan behar dugu. Har ezazue nire ejenploa.

Gabriel Aresti

«Euskal literaturaren izen poetikoak» hitzaldia, Hernani, 1967ko uztailaren 29an

Irudia: Emakumeen protesta Santiago de Txileko Armen Plazan 1987an. Kena Lorenziniren irudia