Malato arbola

2020-08-27

Malastu zugatza deitzen dio Orixek Bizkaiko hegoaldeko muga egiten zuen Malato arbolari.

«Foruen arabera, Bizkaiko hegoaldeko muga egiten zuen zuhaitza, Luiandon zegoena. Bizkaitar guztiak zeuden behartuta bere jaurerria armaz zaintzera eta etsaia lurraldetik kanpora bidali arte borrokatzera, baina Malato zuhaitzeraino bakarrik, handik aurrera joan nahi zuenari soldata ordaindu behar baitzitzaion» (Lur entziklopediatik). 

Antigona tragediaren bertsio bat giro dezakegu zuhaitzaren inguruetan. Gure historiak hain ugari eman dituen anaien arteko borrokaren bat aitzakiatzat harturik, Antigonak bere kontzientzia kontrajarriko lioke Kreonteren errege aginduari, eta borrokaren bi lubakietan hildako bi anaiak, soldadu joan dena eta Malato zuhaitzetik aurrera igaro nahi izan ez duena, lurperatuko lituzke zuhaitz Malatoaren oinetan, nahiz erregeren zigor latza jasan behar…

Anjel Lertxundi
«Malato arbola», Letrak kalekantoitik, Alberdania, 1996

1932an Bilbon ospatutako lehen Aberri Eguneko kartela