Hainbat erretratu euskararen galerian barrena

2020-09-25

Gortina astun batzuk erretiratu behar izan ditut euskara batuaren galerian sartzeko. Esana zidaten balio handiko koadroak ikusiko nituela bertan, baina oso ahul tristea baitzen bertako iluminazioa, aretoko arduradunarengana jo eta erregutu diot piztu ditzala argi guztiak.

Galeriako lehendabiziko koadroak, beste guztiek bezala, ez darama egilearen izenik. 1957ko data du, euskara batua abiarazi baino hamaika urte lehenagokoa. Koldo Mitxelena ageri da bertan, gauez eta mahai baten aurrean eserita, flexo baten argitan idazten. Leihoko gortina puntilladunen ertzek mugimendua iradokitzen dute, zirrikituren batetik haizea sartuko balitz bezala. Koadroaren datazioko garaia bezain zakarra behar du kanpoko giroak ere. «Koldo Mitxelena Txillardegiren Leturiaren egunkari ezkutua nobelako hitzaurrea idazten», dio koadroaren alboko txartelak. Gaugiro petralari kontra eginez, itxaropentsu ari da Mitxelena:

«Nik eztut Txillardegi bakarrik ikusten. Txillardegi eta Leturia’ren egunkari ezkutua gizaldi berri baten eta gizaldi orren obren aitzindari gisa agertzen zaizkit».

Mitxelenarentzat, Txillardegiren nobela aitzindari da literaturari dagokionez —kostunbrismoarekin eten eta existentzialismoaren bizi-penekin dator autore gaztea—; liburua aitzindari izateko bidean ikusten du Mitxelenak euskararen kontuetan ere, baina errenteriarraren belaunaldiko euskaltzale askok nekez onar dezakeen kantoi batetik:

«Baliteke [Txillardegiren] izkera oso garbia ez izatea. Bizia ta adierazkorra baldin bada, zertarako bear du garbia izan? […] Zertarako nai eta bear dugu euskera? […] Gure mundukoa ezten oroigarri xaar kuttun bat iduki genezakeen moduan idukitzeko?». Eta segidan, haizearen jardun zakarrak barruko giroari solemnitatea ematen dion aitorpen bat: «Askotan egiten dut nerekiko ez ote gauden […] udaberri aurrean».

Behin kalean, Txillardegiren liburuak askotariko zirrara eragingo du garai ilun haietan: kostunbrismoarekin hausten du, garaiko hauts arian geldiak harrotu ditu, Mitxelenak nobela bedeinkatu du. Badago, ordea, gehiago ere: euskara batua abiarazi baino hamaika urte lehenago, batuaren testu avant la lettre bi daude liburutxo bakarrean: Mitxelenaren hitzaurre luzea eta Txillardegiren nobela. Batuaren aurretik ere, batua. Ortografia-kontutxo batzuk begiratu —tartean ditxosozko hatxea txertatuz—, aukera lexiko batzuk argitu, hainbat adizkera moldatu, eta euskara batuaren aurrean gaude. Batua baino lehenago, batua. Avant la lettre.

Arantzazuko bilkura baino lehenago, Mitxelenak eta Txillardegik egina dute, jakitez eta senez, bidearen parte handia. Belaunaldi haren ondokoak ere hasiak ginen bide hartan aurrera, zehazki nora eramango gintuen aurreikusi ezinik, baina, aldi berean, susmatzen genuen ezin genuela tren hura galdu. Azkena zen eta azken geltokian geunden.


Anjel Lertxundi

«Hainbat erretratu euskararen galerian barrena» artikulua, Berria, 2018ko otsailaren 4an

Irudia: Ezkerretik hasita, Koldo Mitxelena, Luis Villasante eta Txillardegi Euskaltzaindiaren bilera batean. Euskaltzaindia