Ni ez nago erreta. Ni askea naiz. Ez naiz botereak ematen dituen orrialdeei lotuta bizi

«Nik galdera batzuk egin nituen. Izen batzuk aipatu nituen, eta beste batzuk ere aipa nitzakeen. Baina ez pertsona horien aurka ezer daukadalako. Pertsona horiek ikusiko ditut eta ez naiz ezkutatuko haien aurrean. Nik liburu bati buruz hitz egiten badut, liburuari buruz hitz egiten dut, ez egileari buruz».

«Ni irakurleei zuzentzen natzaie, ez beste idazleei. Baina idazleren bat mindu bada, barkamena eskatzen diot publikoki. Ni irakurleei zuzentzen natzaie kritikoak izan daitezen, eta pentsa dezaten. Eta gauza gehiago esan nezake, baina emango du beste idazle batzuen kontra noala. Eta ez noa beste idazle batzuen kontra».

«Ematen du gure literatura normala dela, eta ez da normala. Eta normala ez izateaz gainera, eragile jakin batzuen eskuetan dago, eta denok dakigu nortzuk diren. Adibidez, apustu egiten dut Espainiako Kritikaren Saria ematen dutenean Berriak jasoko duela albistea, nahiz eta aspaldidanik jakin hori muntaia bat dela. Baina berriro agertuko da, inposatu egin delako hori, eta liburuen azaletan ere jartzen dute argitaletxeek».

«Euskal hizkuntzak bere baikortasuna kendu behar du gainetik eta irakurtasuna bilatu behar du. Leku guztietan egin behar dugu. Dena behar dugu, bereizteko gaitasuna izateko. Beste indar fundatzaile bat behar du euskal hizkuntzak, eta diskurtso batzuk desagertu egin behar dute, sinbolismoaren lastoa kendu behar dugu. Ni ez noa Ibilaldietara eta horrelakoetara. Aldarrikatu egin behar dugu dirua ez dakit norentzat eta bestearentzat? Egin behar duguna da planto! Berrian, Garan, Sautrelan eta Arratsaldekoan pixka bat laztantzen gaituzte eta konformatu egiten gara. Kolonizatuta gaudelako».

«Zer egin daiteke horren aurrean? Galderak egin. Baina ez diezadatela esan erreta nagoela. Ni ez nago erreta. Ni askea naiz. Ez naiz botereak ematen dituen orrialdeei lotuta bizi. Ondo ordaintzen diren lekuetan agertzeko, kontuz ibili behar da. Enfant terriblearen jokoak, gorteko bufoiaren jokoa den artean, funtziona dezake, baina benetako enfant terriblea bota egiten dute gortetik».

Edorta Jimenez

Juan Luis Zabalak egindako elkarrizketa, Berrian, 2010eko martxoaren 15ean

Irudia: MIchael Caine aktoreak berari buruzko berria irakurtzen Los Angelesen. Bill Rayren irudia