Doyleren dohain literariorik handiena Holmes eszenatoki batean askatzea izan zen

2021-04-10

Sinestea kostatzen den arren, egon zen garai bat non Conan Doylek ez zekien Sherlock Holmesek zer izango zen bere karrerarako: asmatzeko gauza zen pertsona bakarrak ez zekien ezer bere pertsonaiari buruz. Bere eleberrietako lehenengoan Holmes jada osorik agertzen da eta Doylek, berriz, etorri-berri baten gisa jokatzen du, iruzurgile batekin nahas ez dezagun ahalegintzera behartuta. Harrigarria da bere figura irabazlea ia taxutua izanik, Doylek Holmesen ahaletan konfiantzarik ez izatea eta Estudio eskarlataren ia erdian eszenatik baztertzea, interes txikienik ere sortarazten ez diguten kriminal batzuen motibazioak azaltzen dituen flashback gogaikarri batekin atsegin hartzeko. Eleberrigileak bere ahalen helmena bere pertsonaiarekin eta pertsonaiarik gabe konparatzera behartzen gaitu, eta emaitza tamalgarria da Doylerentzat.

Detektibe-kontakizuna arreta gehixeago jarriz gero kasua norberak ebatzi ahal izango zuelako itxaropena elikatzeaz bizi da.

Beeton’s Christmas Annual aldizkariko 1887ko azala, Sherlock Holmesen lehen agerpenaren berri dakarrena: Estudio eskarlata

Holmesen abenturak argitaratzen hasten direnean, literatura ingelesak egundoko baliabide sorta menderatzen du: fisionomiak, elkarrizketak, umorea, ideiak, analisi ekonomikoak, deskribapenak, maxima moralak. Doyleren prosa tradizio horren irabaziez baliatzen da: fidagarria eta atsegina da, ez estiloak ez ideiek ez gaituzte gehiegi tiratzen ezta asaldatzen ere, profesionalaren fede onak Holmes eszenatokiaz jabetzen laguntzen du. Prousten irakurleak bere arreta pertsonaien eta narratzailearen oharren artean banatzen duen bitartean, edo Woolfena Dalloway andrearen eta aurkikuntza lirikoen artean banatzen duen bitartean, Sherlock Holmesek ez du konpetentziarik aurkitzen.

Detektibe-generoak magiarekin nolabaiteko desonestasun baimendua partekatzen du: engainatzea, falta den pieza ebastea edo ezkutatzea da helburua, publikoaren jakin-mina pizteko. Baina magoaren artea trikimailua «pieza» ikusi gabe egitean datzan bitartean, detektibe-kontakizunak azkenean «pieza» erakutsi behar izaten du, eta arreta gehixeago jarriz gero kasua norberak ebatzi ahal izango zuelako itxaropena elikatzeaz bizi da.

Detektibe bakoitzak trikimailu mota ezberdin bat proposatzen du. Holmes, egunkari irakurle nekaezina, iraganaren igarle gisa defini liteke, hondakinen eta hondarren interpretatzaile gisa: tabakoa, oinatzak, tatuajeak, ehunak, bizarrak, anputazioak, orbanak, dominak, tipografiak… Alkimia ezezagun bati esker, iraganarekin zalantzarik gabeko zehaztasunez konektatzeko gai dena. Holmesek fenomeno bakoitzetik bere prestakuntza-lege propioa ateratzen du, etorkizuneko portaera aurreikusteko ahalmena ematen diona: enpirismoaren amets kutuna da.

Trikimailua ezagutzen dugu, ehunka aldiz irakurri, entzun eta antzezten ikusi dugu, baina oraindik ere lilura atsegina ematen jarraitzen digu: Holmes gela batean sartzen da, eta bere superenpirismoari esker bizitza bat berreraikitzeko gai da zetazko ehun batetik edo etorkizuna odol tanta batean iragartzeko. Doyleren dohain literariorik handiena Holmes eszenatoki batean askatzea izan zen.

Gonzalo Torne

«Sherlock Holmes: Kasuaren ordena», Letras libres, 2020ko uztailaren 1ean, Mikel Sotok euskaratua

Irudia: Arthur Conan Doyle idazlea pipan erretzen.