Libertateak preziorik ez baitu

Agian, euskararen ganako egiten dudan amodioaren justifikazioak piskak terzermundista ematen du. Ez uste izan, kanpoko idazlerik ez dudala irakurtzen, aztertzen, maitatzen. Ordea, errealista naiz, pesimistegia nerekiko, euskal literatura ez dugu aberastuko, bakarrik atzerrietan moldatzen diren gauzak, euskaraz, kopiatuz, gurea ukatuz, deslokalizatuz, atenporalak diren idazkiak plazaratuz; iduritzen zait, humilki, literaturak kezkak planteatu behar dituela, botere guzien aurkako ideologia azalduz.

Libertateak preziorik ez baitu.

Libertatea historikoa da. Urteak, egunak, gauak, batez ere gauak, orduak, mendeak baditu, eta alderantziz, XX. mende bukaeran modan den deslokalizazio eta atenporaltasunak, biek, totalitarismo liberalarantz erematen gaituzte. Gure grifiak, griña literarioak ere hemengoak, hangoak, oraingoak, biharkoak dira. Ez dukegu ere Barbier edo Etxepare zenen hizkuntzan, kontatzen ahal bi gizonen edo bi emazteen arteko amodiozko historioa, eta langabezia? Atzo, euskara finkatu, zutenek, ezagutu ahal zuten xomagea? Ez, burgesak, notableak apezak, ziren.

Errebendika dezagun beza, autonomia eta askatasunarekin batera, tenporalitatea, lekukotasuna eta erresponsabilitatea. Saia gaitezen ere, baina hori ez da hautu kuestionea hainbat, destinu edo burugabetasun puntua da, idazteaz beste bizibide ekonomiko bat ukaitera, gure hitzek, aipatu nahi dugun errealitatea hurbiletik laztan dezaten, eta hitz berdinek, higaduraren nahiz hazten gaituen botere kulturalen makurtzearen usainik ez hartzearren. Ogia xuhur, baina libre. Hitza aske. Libertate ekonomiko horri erantsi behar zaio, Virginia Woolfek azpimarratzen zuen «gela» famatu hura. 

Orohar, idazleak, notable onhartu baino, mistiko izan beharko luke.

Gosea, herria erretzen duen gosea bera ezagutu.

Zati honekin bukatzeko, irratian gaita musika entzuten dugularik, aitor dezagun gure hizkuntza, plegatu, erahil, torturatu, nekatu, exiliatu, apurtu, haizatu, humiliatu, desiratu gogo dugula, herriko edozein pertsonaren antzera. 

Honek eman dezake, sari goraipatu batek bezain, edo dinamika gehiago, gure literaturari.

Itxaro Borda
«Autojustifikazio erreza», Hegats, 4. zenbakian, 1990eko azaroaren 13an

Irudia: Virginia Woolfi Man Rayk 1935. urtean egindako erretratua