Itzuli, itzali gabe

Oktaedroa

1974.ean argitaratua, zortzi ipuin biltzen ditu liburu honek baita zortzi ertz edo postura ere. Dena dela, estilo batasuna mantentzen du, errelatoaren kontzepzio oso berezi batean bildua. Cortázarren narragintza Henry Jamesengandik Poerenganaino doa, Borgesengandik Chejovenganaino. Baina literatur eraginek ez dute gauza handirik argituko. Kontaketa bakoitzaren garapenak eta hizkeraren erabilera oríjiinalak dute garrantzirik gehien lan hauetan. Izan ere, Cortázarrek sedukzio estrategia bat darabil, pertsonaien eta narratzaileen hizkeran oinarritua eta esakera, modismoen erabilera ia burlosoan. Argentinar gizatalde anitzen berbeteak birsortzen ditu. Eta ipuina mundu ttiki eta bereizi baten antzera antolatzen du, barne giltza eta errepikapen sinbolikoen bidez irakurlearen konplizitatea behin eta berriz eskatuz. Hala dagi, elementu liluragarriak egunerokotasunaren muinean eztanda egin dezan, ohizko bilbapeen bestekaldetik dauden errealitateetara jauzi egin asmoz. Cortázarren xedea gure gizaki erosoen seguritatea problematizatzea da, guregan egoneza sortuz, ikasitako eskema jakinak –eta izkutuan ditugunak– apurtuz, «errealitatea» eta fantasiaren arteko muga ez dela hain garbia agerian jarriz, beti bilaketara, galderara, ezbaira eramaten gaituelarik.

«Azken kontuan balio duenak, nik kontatu nahi izan dudana baieztapen zeinu bat da, erdeinu eta izuikararen gaur eguneko hizkuntzaren aurrean, eta baieztapen horrek gizakiaren gauzarik . gauzarik oinarrizkoena, izugarriena izan behar du: bere egarri erotikoa eta buruargiduna, tabuekiko askapena, elkarren artean banatutako duintasun baten eskaera, letaginez eta dolarrez jositako eguneroko ikus-muga honetatik libre izango den lur baten gainean». Cortázarren hitzak dira. 

Bertsio hau: itzuli, itzali gabe

Ez dut batere asmorik euskaldun gehienek jatorrizkoan ere gozatzeko gai diren lan baten euskaratu izana zuritzen hasteko. Soil-soilik esan literatur hizkuntzen arteko hartuemanak preserbatiborik gabeak nahiago ditudala eta –nik neuk ikasi dudana eta euskarak berak, malgutu beharrean, itzulpen honetan jasan duen bortxa osasungarria ahaztu gabe– nahikoa nukeela bat edo besteri, euskaraz argitaratu dela eta begien bistan jarria, jatorrizkoan bada ere, Cortázar irakurtzeko parada eskeiniko balio ahalegin honek. 

Cortázar borroka bizian aritzen da sintaxiarekin esaldi bakoitzean. Kontaketa bakoitzerako hizkera bat asmatzen du propio. Erabileraren erabileraz sintaxi fosilizatua duen eta, berriz, hitzen hari semantikoak oso malgutuak dituen hizkuntza, idazten duelarik –lehen kasuan fosilen kontra borrokan, bigarrenean aukera guztiak azken muturreraino eramanez–, ahalegin handia eskatzen du itzaltzen ez eta itzultzen asmatzeko. Adibideño bat baino ez: «ráfaga de párpados» begi-kliskada andana bada, baina ez dizu segur asko tiro-andanarik gogora ekarriko. Hor koska. Tratamenduak ere aukeratu beharrak ezarri dizkit: voseoa gure hitanora ekarri dut, irakurleari zuzentzen zaionean, besterik ezean, gizonezkoena erabiliz. Ematasun guztiaz baina halabeharrez. 

Gerardo Markuleta

Oktaedroa (Ibaizabal, 1992) liburuaren hitzaurrea

Irudia: Julio Cortazar Buenos Airesen Martin Caparrosek 1983ko abenduan egindako azken elkarrizketan