Gu eta gure jendea

Kokarekin burua galdu duen jendea,
gauero beheko tabernak ixten dituena,
behin galdu eta loa berreskuratu ezin duena.

Gu ez garen
gure jendea.

Hautsi eta osatu ez dena,
berriz hasi eta berriz porrot egindakoa,
nazkatua, eroria, ezindua.

Gure antzekoegia
beste izateko.

Neskalagunak eta familiak bazter utzi duena,
mundua bere baitan daramana,
akastuna, kulpaduna, zaurgarria:
errenditzen ez dena, baina
hobera aldatzeko itxaropenik ere ez duena.

Gauzak behar bezala joan ez balira
gu geu ginatekeena.

Federik gabea,
minak apurka jandakoa.
Mamuen aurka borrokatzen dena,
ansiolitikoekin ezindua.
Ohetik jaikitzeko indarrak galdu dituena,
beldurrari beldur diona.
Eszeptikoa, mesfidatia, damutua.

Gu eta gure jendea.

Jon Benito

«Gu, jendea», Bulkada, Susa, 2010

Irudia: Lazaro Sola Gaztelu Plazan Mikel Zabalza desagertua zegoen bitartean. Argazkia Xabi Ventura