Azken urteotako gertakizunik garrantzitsuena literatura barrutian Hego-ameriketako novelagintzaren nortasun-hartzea izan da. Fenomenu ageria, nabarmena, ondo taxutua eta berezia, edozein so-egile ernairentzat. Esate huts hau baieztu ahal izatea, izugarria litzake egungo literaturako baso nahasian, eta areago novelagintzaren baitan, hain gauza jakina denez gero, gure arteko kritiku eta idazle askorentzat, novelaren bera-beharra. Eta Europan bederen, ez da duda handirik hala denik, edo, behintzat, iritzi beltz honek badu bere funtsa.
Hego-ameriketako literaturaren sasointzea, alderantzitz, novelagandik heldu zaio, Europear literaturaren akats guztietaz baliatuz hain zuzen. Badirudi, mundu zaharrean hil-zorira garamatziten akats beroiek, nola kritizismoa, experimentalismoa, formalismoa, teknizismoa, e.a …, Atlantiko itsasoa iragan ondoren, ernaigarri bilakatu direla mundu berriko iskiriatzailen eskutan.
Burumakurtze hau ezin jasanik, berehala Madrilgo literatura barrutietan justifikazioak, eztabaidak eta gonparaketak sortzen eta egiten hasi ziren: «eman dezagun gu haina badirela; gu baino gehiago ordea, ez!».
Fenomeno bitxi hau, hots, literatura berri baten tipifikatzea, une berezi batetan, ia gure begien aurrean, oso bakana bait da literatura-kondairan, gai aproposa deritzait saiakera batean erabiltzeko. Sistema kritiku abstrakto guztiek baino hobeki eta konkretukiago erakus dizaguke kreaziozko literatura mugimenduak nondik nora sortzen ahal diren.
Asmo handiak uxatuz, bide oso apalak aukeratu ditut helburu hau lortzearren. Kritiku profesionala ez naizenez gero, askatasun guztia gorde nahi izan dut saiakera antolatzen: irakurleak ez du hemen aurkituko, ez metodologiarik, ez-eta azken urteotako Hego-ameriketako literaturaren kondaira taxuzkorik. Alde hontatik zerbait bilatu nahi haleza, hutsune larriak aurkituko ditu ziurki. Nortzuek osatzen dute, izan ere, «boom» belaunaldea delako taldea? Egia esan, ez naiz gehiegi arduratu galdera honi erantzun zehatzik bilatzen. Izen batzuk batbatean datorzkigu burura: García Márquez, Cortázar, Carlos Fuentes, Rulfo, Vargas Llosa, Lezama Lima… Baina hauek denak ez dira saiakera hontan azalduko.
Beste batzuk zalantzazkoak deritzait: Borges eta Asturias, esate baterako. Kronologiari dagokionez zaharragoak dira, noski, baina beste zenbait aldetatik benetako aintzindari bezala onar genitzake. Eta Asturias baztertu egin badut (ezagunegia delako agian), Borges-eri buruz mintzatzea beharrezkoa iruditu zaidalako izan da, belaunaldiaren nondik-norakoaz ohar gaitezen. Bestalde ere, Cortazar-en idazkiei oso moderno deritzaiet.
Guimaraes-en kasoa, zerbait diferentea da. Brasildarra, 1967an hil zitzaigun, 61 urte zituelarik. Hala ere, bere idazlana belaunaldi gaztearen hildo beretik doa eta puntu askotan beste edozein gazte baino jatorragoa dugu.
Eta, azkenik, indigenistak. Dudarik ez dago, hauek ez dute zer ikusirik belaunaldi berriarekin: estiloa, teknika eta errealitatearen ikuspenari dagokionez, elkarrengandik erabat urrun dabiltza. Zergatik, orduan, sartu ditut saiakera hontan? Arrazoin bila dabilenak, beti aurkitzen du, batez ere, literatura kritikan.
Ez dut estaliko, indigenismoari buruz zenbait «modernok» azaltzen duen mespretxua ez zaidala bidezkoa iduritzen. Aitzitik, kritika honen zuzengabekeriak biztu du enegan mugimendu honenganako joera berezi bat. Beste alde, Hego-ameriketako literatura kondairan jatorrenetakoa deritzait, beste literatura-joerak ez bezala kondaira-une eta gizarte egoera baten fruitu berezkoa bait da eta, beraz, historikoki beharrezkoa.
Eta «amaigabeko jatorri lerro» hauek alde batera utzirik, lot gatzazkion funtsezko galdera bati: hain garrantziazkoa ote da benetan aztertzera goazen literatura saila? Belaunaldiaren bataio izenak, «boom» delakoak, ez ote du batbateko Iehertzea edo gorakadaren adierazpenarekin batera, ironia apurño bat ere, «boom» bakoitzak berekin daramakien halabeharrezko anpuskeria dela bide? Ditekeana da. Gaur egunean lurralde hontako idazleri, edonon egiten zaion harrera ona, ez zen posible izanen, agian, gizon askok irrikatzen duen balizko munduaren esperantzaren ikurra Hego-amerikak ez balerama. Dena-dena, irakurle bakoitzak eman bezaio galdera honi egokiena deritzaion erantzuna. Euskaldunen iritzia guti gora-behera, espainolak kezkatzen hasiak dituzu: heuren azkenengo koloniatzat konsideratua zena, eta luzaroko, nola ba supitoki, eskuetatik ihes! Eskolako liburuetan lerro eskas batzuk baino merezi ez zuten erretorika zale aspergarri haien ondorengoak, batbatean, Pemán, Lera, Gironella, eta nik dakita beste zenbait «lehen mailako» gizon ospetsu (atzerrian bizi naizenez barkagarri bezait, ez bait ditut hemengo literatura aldizkarietan heuren izenak maizegi irakurtzen), idazle bati hain soportagaitz zaion bigarren mailako linboan baztertzen ari. Burumakurtze hau ezin jasanik, berehala Madrilgo literatura barrutietan justifikazioak, eztabaidak eta gonparaketak sortzen eta egiten hasi ziren: «eman dezagun gu haina badirela; gu baino gehiago ordea, ez!».
Segi sloganak lau aldetara aldarrikatzen, nahi haina altaboz ofizial izango duzue eta.
Albiste berri hontaz konturatu direnean, gaixoak! Heurak eta gu gaixoak, zeren ziur izan, 98-ko belaunaldi berri bat jasan behar izango dugula beste hirurogei urtetan. Eta bide batez, novela ordez amaika «nivola» irents behar izango. Joanak-joan, geroari buruz:
Gora irudimenaren iraultza eta gora Bolibar berriak!
Mikel Lasa
Novela berria Hego Amerikan, Gero, 1972