Ray Carver bere narrazioek egin zuten famako, eta halaber, Robert Altman-en Short cuts filmeak edota Dirty Realism etiketa hutsalak. Hala ere, bere azken urteak poemak idazten pasa zituen, horien bitartez azaltzen baitzuen hobekien orduan sentitzen zuena.
Pasarte ugari ditu Carverrek aipagarri. Ez zuen inoiz amore eman heriotzaren aitzinean, zeina, Cocteau-ren merkatariaren morroiari bezala, bi aldiz agertu baitzitzaion. Alkohola zela eta, hilzorian egon zenean gaztigatu eta gero hamar urterako egin zuten ituna; hamar urte idazteko eta aurreko akatsak zuzentzen ahalegintzeko gutxienez, hamar urte bere burua eta hurbilekoak maitatzeko.
Carverrek zamarrako patriketan galtzen zituen poemak, erosketa-zerrendetan idatzi, poesiari aurpegiko xamur bat emanez, desakralizatuz. Milosz-en aburuei jarraituz, ez dago zertan poesia irakurtzen sufritu beharrik.
Ez zuen prosaren eta poesiaren arteko bereizketan sinesten, ez zitzaion axola poemak bereak edo beste idazle batenak zirenentz. A New Path to the Waterfall liburuan, esate baterako, Txekhov-en prosa zatiak sartu zituen. Bere poemetan ez da irabazlerik ageri, eguneroko bizitza da bere iturria.
Eguneroko pasadizuekin egiten ditu poemak: familiek zapuztutako haurtzaroak, komunikaziorik eza, bereizketak, gezurrezko harremanak, ezereza, lana, laku berde eta mendi urdinak.
Honako hau da idatzi zuen azkenengo poema, minbiziak eraman baino egun batzuk lehenago:
Eta bizitza honetan nahi zenuena
lortu al zenuen azkenean?
Bai, lortu nuen.
Eta zer nahi zenuen?
Maitasuna. Lurrean maite nautela sentitzea.
Bonnarden biluziak
Emaztea. Berrogei urtetan zehar pintatu zuen.
Behin eta berriz. Azkenengo koadroko biluzia
lehenengokoa bezain gaztea. Emaztea.
Gazte gogoratzen zuen. Gaztea zelarik.
Emaztea bainuan. Apaintze-mahaian
ispiluaren aurrean. Biluzik.
Andrea eskuak bular azpian zituela
lorategi aldera so eginez.
Eguzkiak berotasuna eta kolorea barreiatzen.
Gauza biziak oro lorean dira han.
Andrea gazte, lotsati, desiragarri oso.
Hil zitzaionean alditxo batez pintatu zuen.
Paisaia batzuk eta.
Gero, hil egin zen.
Eta andrearen ondoan jarri zuten.
Bere emazte gaztearen ondoan.
Raymond Carver
Ultramarine liburutik, Kirmen Uriberen itzulpena, Hegats 15-16 zenbakia, 1997ko abenduan
