New Jersey, Bizkaia

2020-09-06

Estiloa, ipurdia, iritziak. Denok ditugu. Iritziei garrantzi gehiegi ematen zaie, ipurdiei no comments, eta estiloa? Horixe etorri zait burura gaur goizean, haginak garbitzen nengoela. Denok baitaukagu, izateko eta esateko modu bat. Ez naiz modu egokiaz ari vade retro, Satanas!— baizik eta moduaz, eraz.    

Ez dakit nola izan den, oraindik hortz horearen zaporea ahotik garbitu gabe, nola pasa naizen hausnarketa absurdoetan kulunka eginez, Springsteenen estiloaz hausnartzera. Donostiko kontzertutik nabil bere abestiak ezin burutik kendu eta irribarrea ezpainetan, zera otu zait, Springsteen euskalduna balitz bizkaitarra izango litzatekeela. Komuneko ispiluan agertu zait, gitarra eta guzti, mollako mutil gazte bat, udako nesken atzetik, edozein herriko jaixetan. «He don’t» edo «I ain’t» esaten duen modu berean izango luke «erdu» esateko modu berezi bat, belaunak biguntzeko modukoa eta belaunak baino gehiago ere bai, portuko zokondo ilunen batean.   

Zuk emoten dozuna debalde nahi dabe, nik baino gizon hobiek. Baie nik, laztana, gogor eingo’t biar, zeure maitasune irabazteko. 

Bruce Springsteen bermeotarra balitz Born to Run korrika egiteko jaio direnen balada izango litzateke, orain bezala, baina Beti popadan! deituko litzateke eta partikulartasunik idatzitako ereserki unibertsala izango litzateke, zer bestela.

Ni neu bertan jaio nintzen, Bermeon. Gure ama Arteagakoa da. Aita, mundakarra. Geroztik, Bermeotik Algortara eta Algortatik Barakaldora egin dut bizimodua baina behinola konturatu nintzen, Anoetako estadioan, mundu glokal honetan Springsteenek bere New Jerseyko gaztaroaz hitz egiten duenean nire Bermeoko portuaren usaiaz ere hitz egiten duela. Izatekotan, norbere lengoaia partikularra da benetako lengoaia unibertsala. 

Hiru minutuko letrak irauten duen bitartean zu eta biok gara, Bruce, New Jersey, Bizkaiakoak.

Irati Jimenez

«New Jersey, Bizkaia», Berrian, 2009. urtean Deabruaren Eskolarako egileak berak moldatua

Irudia: Bruce Springsteen John Travoltak Zientziologia babesten duen kartelaren aurrean 1978an Lynn Goldsmithek ateratako argazkian