Nola entrenatu Sautrelarako

Sautrelak, gure letren errepublika bananeroak EITB-n duen enbaxadak, sei urte luze daramatza lan zintzo, eder eta eskergarria egiten, kate horren ekoizpen duinetarikoa izaten, bi helburu nagusi dituelarik, biak ala biak ongi baino hobeki beteak: lehenik eta behin, Euskal Herrian diren eta ez diren idazle guztiak pantailan agerraraztea (haien banitatea elikatzeko), eta, bigarrenik, denak barregarri uztea (suposatzen dut honen helburua kontrakoa izanen dela). Bigarren helburu hau erdiesteko, galdera estrategiko batzuk prestatu dituzte, eraginkortasun handikoak, denboralditik denboraldira aldaketa txikiak izan ohi dituztenak (erantzun koherente posiblerik ez duten horiek mantenduta eta berriagoak sartuta), eta idazleari egiten zaion elkarrizketa baino lehen galdetu ohi dituzte: nola ikusi ohi duzu botila? Egidazu erantzunik gabeko galdera bat.

Aurrera egin aurretik, ohar bat oraingo elkarrizketei buruz: baliteke nire arazoa izatea baina niri deserosotasuna eragiten dit elkarrizketa liburutegi batean izateak.   Zeren, etsenplu eman beharko zen eta ez solaserako erabili eraikin hura, Isilari ez bada, eskainita dagoena Flirteoari (orain gogoratu zait González Iglesiasen bertsolerro zentzubiko hura, zeinean «los que se distraen en las bibliotecas» miresten baititu), batez ere azterketa garaian gauden honetan (Proposamen xumea: pantailaren bazter batean «mute» ikonoa jarrita, elkarrizketa ahotsik gabe eta azpitituluetan ematea, ohi duten garamond tipo politean edo nahi dutenean, Isilaren Poetikaren omenez).

Idazleak, Sautrelara joan aurretik, entrenatu behar du, lanpostu baterako balitz bezala, zer irudi eman nahi duen zehaztu, eta jakitun izan hasierako galdera horietan bere zoria jokatzen ari dela. Zaila da, ezinezkoa ez esateagatik, onik ateratzea. Eduki dezake zorrotza izateko tentaldia. Esadazu egia bat. Esadazu gezur bat. Eta biei erantzun bera. Ze ona, baina denek egiten dute berdin. Edo oso irakurria dela erakusteko tentaldia. Zer pertsonaia literarioa izan nahi zenuke? Gilgamesh saxoia edo Beowulf babiloniarra, bietariko bat, edo biak batera. Edo epatatzeko tentaldia. Edo naif agertzekoa. Noiz lotsatu zinen lehenengo aldiz? Non nahi zenuke hil? Hemen eta hemen.

Angel Erro

«Nola entrenatu Sautrelarako»,  Garan, «Mugalari» gehigarrian, 2006ko ekainaren 12an

Irudia: Emakumea bere cheetah-rekin tea hartzen Parisko Bois de Boulogne cafean, 1963an