Jean Paul Sartre tximiño bezela ipurdia ageri dabela

Idazlego ofizialaren eta moldatuz doan berriaren arteko diferentzia azpimarkagarriena, Europako literaturgintza garaikideei buruz batzuek eta besteek hartzen duten jokaera desberdinean datza. Idazlego ofizialak, era askotako aurreiritziren gatik literatura arrotz modernoari buruz betidaniko aktitude errezolotsua mantentzen duen bitartean, Arestik eta Mirandek, eta hauen ihardunaren zentzuari lotuz doaztenek, lehen aldiz gure artean, ongi ezagutzen duten literaturgintza moderno horren fruituak onartzeko eta bereganatzeko joera agiri bat erakutsiko dute.

Zaletasun hau guztiz esplizitoki eta are agresiboki manifestatzen da Arestigan bere poemagintzaren lehen etapa honetan, zenbait poemen buruan ezartzen dituen aipuak erakus erazten duten bezala, adibidez. Arestigan aipu hauek ez dute berez dagokien argudio funtzioa. Diogunaren frogabiderik eztabaidagaitzena «Maite gurpila» (1955) sortaren buruan ezartzen duena dateke, zeina J.P. Sartreren HUISCLOSEko pertsonaia baten ezpainetatik hartua baita: «Eh bien, continuons». Perpausa ezin banalago honekin (Arestik berak aitortu zigun aurrerago), orduko euskal idazleek gehien mezpreza zezaketenaren sinboloaren lagunarte definitzailean plazaratzean, haien arbuioa irabaziz haienganik guztiz bereiztea zen bilatzen zuena. Ez da ahaztu behar garaiko euskaldungo ofizialaren ikusmoldea existenzialistei buruz nahiko esplizoki eta bere inozokeria guztiaz adierazia gelditu zela Erkiagaren «Jean Paul Sartre ren ardi galduak» (1951) poema ikusgarrian:

Nortzuk ditugu, gero
«izate-zaleok»?
Arako Epikuro’n
txarriak, barrirok.  

Prantzi’tik datorkiguz
Euskalerriraño
barrenarentzat kirats,
begientzat laño 

Ai, gizaiso aundiok,
ardi-gabetuok,
illunez ta ustelez ez
al dozue egin ok?…  

Soñeko merkez udan
tximiño bezela
ipurdia eta abar
agiri dabela 

Utzi urde zikiñen
beira begiratze,
biotzak goratuaz
barrenak loratze… 

Adimen-bazka arraitzat
ikus «Aitorpenak»
Agustin andiaren
ondare onenak… 

Agur, ba, ene Sartre
akerzai azkarra
irri-karkarez dozu
inpernuko garra !…
ja-ja, ja-ja. 

Ibon Sarasola

Gabriel Aresti: Poemak liburuaren Hitzaurrea, Kriselu, 1976