Ez dut uste euskal literatura inoiz izan denik batzuetan iruditu zaigun bezain zabal, osasuntsu edo handi. Literatura txiki bat daukagu, apenas tradiziorik gabea. Haragiari kariño gutxi izan diogu. Belaunaldien arteko elkarrizketa eskasa. Kooperatibismoa falta zaigu. Eta erotismoa ere bai. Sobrenaturalismoa gutxiesten dugu eta ironiaz hitz egiten dugu, baina benetako umorea falta zaigu eta gorputzeko humoreak ere bai. Ez dugu Urre Gorrizko Arorik izan. Ez daukagu boom gogoangarririk. Ez zaigu sortu 27koaren antzeko belaunaldirik, loriazko poeta gazteen armada garaiezinik. Baina marinelak izan ditugu, literaturaren korronte submarinoetan igerian. Eta txinparta gogoangarri batzuk, han eta hemen, historia irabaz dezakegula frogatzen dutenak.
Izan dugu geure Baudelaire intimo bat, Jon Mirande izenekoa. Infernuko edertasunaz eta loriaz idatzi zuen idazle druida bat. Ez da gutxi abadekien eta mojakien hiru miloi biztanledun herri baterako. Euskaltzaindiako atea itxi zioten eta pena izan zen. Goiz galdu genuen eta pena handia izan zen. Baina horrekin triste jartzen naizenean irakurtzen dut Gauaz parke batean (Elkar, 1984) eta umore beltza ere izan dezakegula gogoratzen dut. Ezagutzen duzue enpalatuaren ipuina? Minik ematen duen galdetzen diote eta baietz erantzuten du, «batez ere farre egiten dudanean».
Eskifaiak gehiago behar du, baina iraganeko haizeak esperantza dakar
Eta Agosti Xaho, hori ere badaukagu. Asisko Urmenetaren AztiHitza (Erroa, 2018) liburuaren eta ikuskizunaren protagonista, historiaren erraietatik jaiotako tenponauta pirata bat, XIX. mendeko feminista harrigarri bat, amodioaz hitz egin ziguna, eta sexuaz eta generoaz eta euskaldun emakume eta gizon gazteen libertateaz. Agosti Chahoren kantutegia (Susa, 2006) irakurtzen duenak idazle inkandeszente bat aurkituko du, herritarra, erromantikoa. Jainko propioak eman zizkigun, mitologia liluragarri bat. Furakanaren furia zeukan bihotzean eta marinelak bidali zituen Ternuarat. Gustatuko litzaioke jakitea Picassoren zaldia (Elkar, 2007) liburuan Asier Serranok adarbakar hegalari bat nahi zuela eta aurrera goazela, astiro bada ere.
Bide luzea dugu aurretik. Hemen, euskaldunon aberri honetan, Elizako soldadu misoginoek sorginak hil zituzten eta sorginkeria berreskuratzeko lan handia egin beharko du gure gorputz literarioak. Baina badugu sena. Badugu gaitasuna. XVI. mendean Etxeparek emakumeen alde idatzi zuten eta emazteen fabore aritu zen baita Arnaut Oihenart ere, modu hunkigarrian. Dena ez da galtzen, sorginak erreta ere iraun dezake sorginkeriak gizonen eta emakumeen literaturan. Omar Nabarrok Haragizko amoreak (Susa, 2010) eman zizkigun, Oier Guillanek Elkartasun basatia (Susa, 2013), Leire Bilbaok Ezkatak (Susa, 2006) eta Miren Agur Meabek Azalaren kodea (Susa, 2000). Castillo Suarezen azken poemategian bezala Irautera goazela uste dut (Elkar, 2019).
Baditugu horretarako behar ditugun arbasoak gure historian. Eskifaiak gehiago behar du, baina iraganeko haizeak esperantza dakar. Begira bestela harrizko herri honetan, gaur baino gutxiago geneukanean, zer-nolako kapitain pilotua sortu zitzaigun Gabriel Arestirengan.
Irakurri bere lanak, Angel Zelaietaren bere biografia (Susa, 2000) edo Adur Larreak egindako Gabriel Aresti BioGrafikoa (Erroa, 2015) eta ikusiko duzue Herkulesen lanak egin zituela gure alde. Ahalegin hori ez diogu pagatu oraindik baina benetan uste dut ordainduko diogula egunen batean. Ez dugu asko. Baina daukaguna ez da gutxi. Sikate handien artean bizirik mantendu den literatura eder bat eta lukurreriarik onartu ez duen idazle saldo bat. Txikia eta urria baina formidablea da gure arbasoen eskifaia.
Irati Jimenez
«Gure arbasoen eskifaia», Elkar, 57. zenbakia, 2019ko udazkenean

