Pub batean goizeko hiruretan moja bat ikustea baino zailagoa

Rooseveltek boterearen buruan jarraitzen du, Bigarren Mundu Gerraren garaia da, baita armamendu-negozioarena ere. Momentu honetan hasten da bere nobelak argitaratzen estilo honek izan duen autorerik haundienetako bat: Raymond Chandler. Horrela definitzen du Javier Comak: «Las siete novelas largas de Raymond Chandler constituyen la obra de un humanista enfrentado a las realidades profundas de su entorno». Baina Chandlerren azertua ez datza bere momentuko injustizia sozialaren salaketan bakarrik. Haren idazteko moduak, artisau gisa, Flauberten minuziosotasuna dakarkigu gogora (erritmoaren egokitasuna, konparazio eta meta- foren apropostasuna…). James Cainek ez bezala Chandlerrek badaki pertsona (gutxi) batzuen ontasuna ere azaltzen inozentzian erori gabe (zikoiztasunaz aparte). Chandlerrentzat mundua dirua da, boterea, hilketa, handikien inperioa, baina baita adiskidetasuna ere presentatzen den une eskasetan, zeren pub batean goizeko hiruretan moja bat ikustea baino zailagoa bait da mundu honetan lagun bat aurkitzea.

Mikel Hernandez Abaitua

«Nobela beltza eta polizi nobela klasikoa», Jakin, 25. zenbakia, 1982an

Irudia: Raymond Chandler idazlea La Jollako bere etxean posta zabaltzen