Gure egunen sentidua ez da aldatzen ohean sartuz edo ohetik altxatuz hasten ditugulako

Zeren berriz ere diot asuntoa ez da modernismo literario huts baten izenean, modan dagoen teknika edo estilo bat erabiltzea. Horrek ere bere meritoa du, dispozizio mental on batetan egotearen meritoa behintzat, baina ez da aski. Dagoeneko beste presupuesto oro alde batetara utziaz «moderno» izaten saiatzea ez genuke hainbeste baloratu behar. «Literaturak garai bati erantzun behar dio dudarik gabe, baina batzutan ez dio irakurle medioaren konprenitze neurriari erantzuten. Ramon Chao-n galderari horrela erantzuten zuen Ph. Sollers-ek: Ez, ez dut uste. Zer eta nola eskribitzearen prolema alde batetik, irakurtzearena eta eskribitutakoa konprenigarri edo konprenigaitz gertatzea bestetik oso desberdinak dira heien artean. Honek bere erantzun objetiboa du historiaren zehar. Hau da: egin izan ohi da edo ez. Historiak demostratzen duenez Sade-k egin zuen hemezortzigarren mendean eta berrehun urtez ezin ukan zuen inork ere Sade irakurri». Galdera horri Eskolaren, Estadoaren eta difusio medioen bideen mailan erantzun behar litzaioke. Ez dira bi prolemak nahastu behar, ze maizegi —eta intenzio guziarekin nahaste horretaz baliatuz—banguardiako eskritorean prozesoa edo kritika egiten baina: «ulerezinak zaretenez ez duzue deusere esaten», izanen litzake kritika; prozeso hau burgesa edo burokratikoa izan daiteke baina beti erreakzionarioa.

Entenditu ez baduzu pasa zaite bigarrenera edo hirugarrenera. Leitu poliki. Aspertzean ez doblatu orriaren puntarik non zauden jakiteko. Ez du pena merezi eta liburua izorratu egiten da. 

Beharrezkoa da publikoaren eta eskritorearen artean dagoen distanziaren kostatazioa egitea, bide berri bat urratu nahi duen nobela batez ari naizenez. Distantzia edo bitarte hori izatea normala da eta eskritorearen espezializazioari edo hizkuntza narratiboaren prolematika barnean bizitzeari dagokio. Publikoak berriz —pinturan eta eskulturan nabarmenago da hau oraindik beharbada— ez du eskritoreak (edo pintoreak eta eskultoreak ea.) fabrikatzen, asmatzen, inbentatzen duen hizkuntza hori ezagutzen edo ez du fabrikatze prozesoa oso gertutik jarraitzen behintzat. Konprenitzen hasteko biderik egokiena, edo bakarra, hizkuntza berezi borren esistentzia onhartzearena da (onhartzen hastea, konprenitzen hastea da) edo beldurrez eta preiudizioz osatutako korazak eta oskolak erasten saiatzea behintzat. Inportantea da, esate baterako, eskritoreak ez duela adarra jotzeko intenzio berezirik onhartzea (adarra jotzeko bide luzeegi, konplikatuegi eta garestiegia litzake). Zerbait espresatu nahiean dabilela sinestea eta konprenitzen ahalegintzea, hizkuntza estraino borren bideetan batzutan nekez eta behaztopoka izanen bada ere, abiatuaz.

Gero, lanaren aurrean errespeto bat ere eskatzen da, ze Urkizu ez da materialki benefiziatzen irakurleak liburu honengatik pagatutako diruaz. Ohoreaz berriz zer esanik ez: ordu gehiegi dira lumari eragiten euskal letretako ereinotz xapela bururatzeko. Zure konpresioa eskatzen da bakarrik. Eser zaite, beraz, eta ideki lehendabiziko orria. Belarri handi bat sumatu behar duzu. Zure inguruan eta Urkizurenean apurtua, zatitua, pitzatua, izorratua, agerian eta ezkutuan dagoen errealitatea entzun eta ikusi behar duzu eta hori dena jaso duen belarri handi bat. Jaso ezazu zuk ere zurearekin eta juzga ezazu, kabreatu zaite berarekin. Entenditu ez baduzu pasa zaite bigarrenera edo hirugarrenera. Leitu poliki. Aspertzean ez doblatu orriaren puntarik non zauden jakiteko. Ez du pena merezi eta liburua izorratu egiten da. Has berriz ere behar lehendabizikotik edo hogeigarrenetik —gure egunen sentidua ez da aldatzen ohean sartuz edo ohetik altxatuz hasten ditugulako. Ez abandonatu lana bost edo sei aldiz entseiatu gabe. Zihur naiz zerbait entendituko duzula. Entenditu egin behar duzu gainera Urkizuren atzetik William S. Burroughs bat cut-up method eta fold-in method erabiliaz azal dadin. Eta azal bedi gure hizkuntzaren onerako eta hizkuntzalarien kabreorako bada, amen.

Ramon Saizarbitoria

Patri Urkizuren Sekulorun Sekulotan (Kriseilu, 1975) liburuaren hitzaurrea

Irudia: William S. Burroughsen 1959ko «Danger series» ezagunaren argazki bat