«Gaztetan irakurri nuen lehen aldiz 100 años de soledad, 14 bat urterekin esango nuke, baina oraindik ere beti aipatzen dut gehien maite izan ditudan irakurraldiak gogoratzen ditudanean. Klasiko bat irakurriko duzunean ez dakizu balio historikoaz eta literatur merituez haratago zer aurkituko duzun, ze mailatan eragingo dizun edo hunkituko zaituen, hunkituko bazaitu. Kasu honetan zalantza horrek ez zuen lekurik izan, hasiera miragarri horren edertasunak txundituta utzi ninduelako, narrazioaren besoetan. Hitzaren sorginkeriak zabaldu berri zuen unibertso prehistorikoaren barruan egin nuen hasieratik bukaerako bidea, itsas korronte baten barruan bezala, aparretan. Liburu hordigarria da, espainolak eman duen eraikuntza monumentalenetako bat eta, era berean, espainolari berari egin zaion maitasun oparirik zintzoena. Eta potenteena.
Hain da ederra idazleak lortzen duen musika, hain da magikoa hizkuntza jotzeko duen modua, badirudiela gaztelania erabiltzen ari beharrean, Garcia Marquez gaztelania asmatzen ari dela, Hego Amerikaren beharrek eskatuta eta haiek iluminatuta.
Aztikeriak hizkuntzaren bide guztiak agortzen dituenez, bukaera iristen denean badirudi hitzak berak azken arnasa eman duela, gaztelaniarekin eta gaztelaniari esker sortutako mundua desegin egin behar da, liturgiak eskatuta. Hizkuntza agortuta dago, mundu berria hauspotzeak eskatu dion ekaitzak jan egin du, ezinbestean baina zorionez irakurle askok ez dugu inoiz ahaztuko bide berrietatik eraman gaituela, gutxitan esperimentatzen den moduko indarrarekin, potentziarekin eta edertasunarekin».
Irati Jimenez
«Zer esan nahi izan zuen zuretzat Cien años de soledad nobelak?», Berrian, 2017ko ekainaren 2an