Haren pentsamendua beti gaiztoa da. Horixe da ona eta ederra haren pentsamenduan!

Miranderekin dagoen arazoa hauxe da: zergatik faszinatzen gaitu euskal literaturan inor gutxik bezala, eta zergatik egiten zaigu hala ere oraindik problema inkomodoa?

Haren faszinazioaz, h d., haren poesia eta prosa zoragarriaz, beste batzuek nik baino hobeto idatzi dute lehenago (L.M. Mugika, etab.), eta orain ere mahai-inguru hauetan hobeto hitz egingo dute beste batzuek. Mirande probleman geratuko naiz ni. Erraztasunerako, antza oraindik euskal gizartearentzat Mirandek duen problematikotasuna bi puntutara ekarriko dut: haren inmoralitatera eta haren arrazismora. Labur-labur planteatzeko, bada: Mirande, batzuetan esan ohi denez, etika mailan inmorala edo inmoralista da, bai pertsonalki eta bai bere obran; politika mailan, faxista eta arrazista izan da. (Erlijio maila gehitu ahal izango genuke: euskaldunok kristautasuna utzi eta paganismora itzuli behar dugula, uste zuen). Politikatik hasteko, haren «faxismoaren» anekdotak behin eta berriro entzuten dira. Adibidez, Krutwigek Jakinen (101, 1997, 86) hauxe kontatzen du: Mirande «nazi antijudua zen eta, egun batean, Pariseko ghettora joan ginelarik, han kantu alemanak, faxisten aldekoak, kantatu zituen». (Naturaltasun handienarekin baiezta daiteke, beraz, Mirande nazia zela). Beste gomitatuari bere etxean diska naziak entzunarazi omen dizkio, etc. Juduei sinpatiarik ez ziela, ez dago batere dudarik. Baina gogoratuko dut, II. Mundu Gerra naziak porrokaturik bukatu denean, Mirandek oraindik hogei urte ez zuela bete eta, zintzo-zintzo, bere burua kristautzat eta demokratatzat zeukala. Beraz, Europako Estatuetan faxismoa eta nazismoa politikoki pasa eta gerokoa da Miranderen «faxismoa», hori zernahi dela ere. Baina, gaian garbi sartzeko, Mirande euskal abertzale eta eskuindar erradikala da, hori bai: EAJ-PNVren eta demokraziaren kontrarioa, demokrazia kristauarena bereziki; abertzaleen demokratismoa ergelkeriatzat zeukan: harentzat berdin-berdinak ziren Franco eta Frantziako Errepublika, alegia biak berdin etsaiak eta nardagarriak euskaldunentzat; Euskadi askatzekotan edozeinekin joatearen aldekoa zen (naziekin eta faxistekin joan behar bazen ere); borroka abertzale armatuaren alde zegoen, ETArik oraindik egon baino lehenago, etab. Hitz batean, euskaldun demo-kristau zintzo burutsuentzat eta orduantxe iraultza gorri-gorrira konbertitzen ari zen gazteria berriarentzat, Mirandek egiaz «faxista» hutsa zirudien.

Uste dut euskal literaturan Mirande izango dela, seguru asko, haren ideien eta kreazioen aurkako amorrua bere autorearen aurka gehiena bihurtu eta pertsonalizatu zaiona. Arestiri baino askoz gehiago, nik uste.

Bigarren, haren moraltasun pertsonalaz ere badira anekdotak edo esamesak (pederasta zela, ez zela, edo putaetxeetara joaten omen zela), nire harritasun handirako egunotan berriro entzun direnak gure artean: bere poesia sugestibo bat, halakori idatzitako ez dakit zer gutun zati, etc., izaten dira zurrumurruon oinarri guztia. Aitortu behar dut barru-barrurainoko lotsa sentitzen dudala, holakoak entzunda. Horretaz guztiaz nik ezer ez dakit, ez dut ezer jakin nahi eta ez zait ezer ere axola. Kontu pertsonal horiek, egia izatekotan, gehienez ere Poliziarentzat eta juezentzat izan litezke interesekoak, inorentzat izatekotan, literaturarentzat batere ez. Rimbaud droga trafikoan ibili bazen, horrek ez du ukitu haren poesia, eta Jean Geneten krimenek ez dute zikintzen haren prosa. Cervantes kartzelan egon zen. Baina guk zerikusirik ez dugu pertsona pribatuekin eta beren kontuekin, bakar-bakarrik pertsona eta obra publikoekin baino.

Baina Mirandek Haur Besoetakoa eleberria idatzi du pedofilia istorio bat… Eta, hortik, euskaldun eskandalizatu batzuek, nobela horren «inmoralkeriak» beraiei eman dien disgustoa nobelistaren pertsonaren gainera traspasatu dute, kuasi-autobiografikoa edo omen dela susmatu edo asmatuz. Uste dut euskal literaturan Mirande izango dela, seguru asko, haren ideien eta kreazioen aurkako amorrua bere autorearen aurka gehiena bihurtu eta pertsonalizatu zaiona. Arestiri baino askoz gehiago, nik uste. Eta beharbada horrek bere posturekin euskal gizarte bat, edo jende bat, zenbateraino eskandalizatu zuen, neurria erakusten du. Nire galdera da: euskal gizarte hark Mirande zipitzik ulertu al zuen, ulertu? Hala eskandalizatu duen nobela hori, ulertu al du? Ezetz esango nuke. (Ulertu izan balu, agian are gehiago eskandalizatuko zuen). Baina gaurko ere galde liteke: hobeto ulertzen ote da gaur? Nire inpresioa da, orain inor eskandalizatu gabe (hori ez da ja estilatzen), baina «ipuinean» bakarrik geratzen dela beti ere nobelaren irakurketa, barruan dagoen egiazko arazora sartu gabe. (Onar dezagun, beharbada Miranderen barruko planteamendua ez bilatzeko dagoen eragozpen handiena Mirande den artista bera dela —poetaren espresioak, irudiak, sentsibilitatea; prosistaren mintzo gardena—, axaleko gozoarekin liluratzen gaituena, sirenen kantak bezala). Goazen, bada, gaira.

Mirande bera magikoa da beti ere, zoragarria, argi seduktore bat bezala euskal mundu nahiko margulean.

Miranderen alde onak eta alde txarrak berezi behar omen ditugu mahai honetan: zer dugu haren kontra eta zer haren alde. Miranderekin gertatzen dena da —nik hartu dudan pentsamenduaren mailan behintzat—, haren aurka hitz egitea oso erraza den bezala, haren alde hitz egitea oso zaila dela. Zaila ez, gauza onik ez daukalako baizik hauek ez direlako puntualki anekdota batean, ideia edo tesi batzuetan gauzatuta aurkitzen. Ezin litezke puntu zehatz batean —hauxe, horixe— situatu. Kasi esan liteke horrela hartuta, superfiziean edo axalean, Miranderen aspekto gehienak edo tesi gehienak azkenean negatiboak direla. Edo gutxienez dudagarriak (paganismoa, etab.). Horregatik da erraza haren puntu beltzak ateratzea. Miranderen «pentsamendu on» bat inon ez dago. Haren pentsamendua beti gaiztoa da. (Horixe da ona eta ederra haren pentsamenduan!). Noizpait esaten nuen (lehenago), banan bana hartuta Marxen tesi denak zeudela superatuta, baina Marx bera ezetz. Beharbada gaur Miranderen tesi denak dago arbuiatu eta deitoratu beharra, banaka hartuta: baina axaleko zikin horren barruan Mirande bera magikoa da beti ere, zoragarria, argi seduktore bat bezala euskal mundu nahiko margulean. Bakarrik, horretarako, Miranderen kristalezko poesia bekatutsuan eta prosa leun perbertsoan axala baino barruago behar da ikusten ikasi. Eta, konforme ez egon eta, gustatzen.

Joxe Azurmendi

«Mirande berriro [Heriotzaren 25. urteurrenean]», Jakin, 106. zenbakia, 1998ko maiatza-ekaina

Jon Mirande druidaz jantzita