Zer eman dizu poesiak?
Trinkotasuna, emozioa eta erritmoa zaintzeko abilezia eta gustua. Hizkuntzari mila buelta emateko ohitura. Beharbada, horrela, espontaneitatea galtzen da, jarioari uko egiten zaio, eta zuzenketaren unea zentral bihurtzen da: hitzei behin eta berriro bueltak eman, zuzendu, kendu… bisturi lana, finean.
Niri gauza laburrak gustatzen zaizkit, trinkoak, ondo josita daudenak. Eta nire gustuko poesiak hori lantzen du: nola gauza asko esan, ahalik eta modu ekonomikoenean. Ariketa horixe gorde dut, hain zuzen ere, poesiatik narratibarako. Zeren eta nire joera kentzekoa da. Hasten naiz idazten eta idazten, pila bat idazten dut, eta gero, mozten hasten naiz. Nire obsesioa kentzea da.
Mariasun Landa
Ana Urkizaren elkarrizketa Zortzi unibertso, zortzi idazle liburuan, Alberdania, 2006
