Egarria asetzeko, egunerokotik edaten dut. Panikoari izkin egiteko, egunerokoari oratzen diot

Nire poemez berba egitea neure buruaz hitz egitea da. Eta neure buruaz hitz egitea, agian, zeuenaz hitz egitea ere bada. Hortaz, elkar aurkeztuko dugu. Memoria ez galtzeko oharrak – 1.

Lekeition jaio nintzen, 1962an. Astean zehar Bilbon bizi naiz orain dela hogeitaka urtetik hona. Nire kolorerik gustukoena lila da. Zenbakia, 7a. Zuhaitza, sahatsa. Paisaiarik gogokoena, hondartzak udazkenean. Animalia-kumea, haur txikiak. Janari estimatuena, langostinoak plantxan. Edaria, ardo beltza. Lorea, hortentsia morea. Kantua, Yesterday. Berba magikoa, Joanes, semearen izena. Oroitzapen kutunena, amaren eskuak. 

Euria atsegin dut. Erraz hunkitzekoa naiz. Ez daukat polemikarako bokaziorik. Ez naiz oso puntuala izaten. Jeloskorra izan naiteke. Kokolotu egiten naiz tentsio-egoeretan. lragana idealizatzeko joera daukat. Lagunen arteko solasaldiei ederresten diet, baina ez mahai-inguruetan parte hartzeari edo hedabideen aurrean hitz egin beharrari. Galdera-ikurraren debotoa naiz. Ohar laburrak – 5.

Duda gaiztoak izaten ditut idazten dudanaz, baina barruko apalak ordenatzeko, oroitzapenak eguneratzeko, izuak arrazionalizatzeko, bizitza paralelo baten aztranka barrundatzeko… nor naizen nik neuk ez ahazteko idazten dudala badakit. Uste dut, beraz, poesia irtenbide bat dela, egarria eta panikoa baketu beharrak eragindakoa. Egarria asetzeko, egunerokotik edaten dut. Panikoari izkin egiteko, egunerokoari oratzen diot.

Horixe da nire azalaren argazkia. Eta hauxe da nire mini-poetika. Gauza konkretuak.

ldaztea, nolabait, hitzekin maitasuna egitea da (hurreratu, eta begiratu eta tentatu, eta ukitu, usaindu, entzun eta dastatu), eta olgetan aritzea, jantzi eta biluztu. Idaztea, nolabait, hizkuntzaren armairua zabaldu eta arropa aukeratzea da.

Azalaren kodean arropa soilak erabili nituen, introspekzio-nahiak literatur artifizio esperimentalak edo egitura barrokoak gutxiestera, esateko modu zuzenago bat bilatzera bultzatzen baininduen… arropak aldatzera, azken batean. (Aurreko liburuarekin konparatuz gero, estilo-aldaketa nabarmena dago: poemen narratibotasuna hazi egin da, apaingarri hutsalen pilaketa saihestu eta lexikoaren exotikotasun arkaikoa murriztu dira; testuak ez dua hain berborreikoak). 

Eta honako hauek dira nire ezaugarriak janzkera-kontuan: 

-Oihalkirik gogokoena transparentea dut. Aldian aldika, enkajeak eta damaskoak ere estimatzen ditut; beti janzteko, ordea, orterak eta enpagosoak suertatzen dira.

-Tailarik egokiena, L edo XL, hots, handia edo super-handia, jende gehienak darabilenaren tamainakoa.

-Modeloa, euskara batua, mendebaldeko batuarekin osatua, amaren etxean izaten dogun arropa erosoagaz, prenda zahar asko erabiliagaz, soinera ezagun-ezagun lotzen jakun horregaz.

-Osagarriekiko bigunkeriak galdu egiten nau. Lumak, pashminak, kristalezko bitxiak, eskularruak, brillantina… Non, noiz, eta zertarako, very fashionable. Berdin limurtu nazakete gipuzkeraren izenondo baten diseinuak, zein zubererazko morfema baten hariak, edota lexiko zientifikoaren aurrizki latexezkoek.

-Oinetakorik kuttunenak, takoi ertainekoak, pausoak trikili-trokolo egin ez dezan ideia bati segika aritzean; alegia, paralelismoak, kontrasteak, metaforak, konparazioak eta zerrenda kopurutsuak.

-Lurrina, Lekeitioko kresal-tanta batzuk, abusatu barik. Jaioterrian entzundako esamolde bakan eta bitxiak, beste inon esaten ez direnak.

-Eta makillajea, igartzeko moduan. Masailetan, buztin kolorea. Begietan, ilun. Ezpainetan, segun. Bai makillajeari, baina ez ezer estaltzeko, nabarmentzeko baino. Sentsualtasunak koloreak dauzkalako, eta koloreek bizitasuna ematen diote azalari, eta zurbiltasuna kentzen poemari. Bildu.

Laburbilduz, nahi nuke estilo-irizpidea gardentasunaren, erosotasunaren eta dotoreziaren arteko oreka izatea. abiapuntuko premisa hauxe da: idazten dudana nik neuk sinistea, testuaren hazia bizipen ñimiño bat izan arren· bestela, dependienta baten moduan sentitzen naiz, aurpegian irribarrea bai, baina indiferente zaion arropa bat saltzen.

Euria atsegin dut. Erraz hunkitzekoa naiz. Ez daukat polemikarako bokaziorik. Ez naiz oso puntuala izaten. Jeloskorra izan naiteke. Kokolotu egiten naiz tentsio-egoeretan. lragana idealizatzeko joera daukat.

Eta ideiak aipatu ditudanez gero, ez da nire asmoa inoren pentsamenaren zirikatzaile, iritzi-ereile, munduaren aldeko eta aurkako posizioen markatzaile goiak argitua izatea. Beste trebezia batzuk hobesten ditut: zolitasun psikologikoa, asmakortasuna, xehetasunei arreta egiteko gaitasuna, gauzakiak eta gertaerak deskribatzeko afektu malenkoniatsua…

Horrek ez du esan nahi poetaren gogo-egoera naturala hutsmina, nostalgia, denik. Sorkuntza-lanaren ikuspegi erromantikoegia litzateke hori. Posmodernitatearen garaiotan aski onartuta dago poetak batere lotsarik gabe asma ditzakeela nahi bezalako fikzioak poemetan, ez dagoela derrigortuta «egiatik» idaztera (benetako egiatik, egia biribiletik), ez baitu sinisten bere ahots indibidualaren gaitasunean nortasun kolektiboa adierazteko. Areago, kontziente da ez dagoela egia apartik, eta, batzuetan, horregatik, ahalik eta urrutiramendu haocliena bilatzen du bere izatearen, ingurune hurbilaren eta testuaren artean. 

A! Argazkian aipatzeke geratu zaidan zertzelada bat: balantzaren plater bat ganbaran, eta bestea garajean. Nire aseezinaren euli mizkina.

Miren Agur Meabe

Poetikak & Poemak (Erein, 2005), Iban Zaldua apailatzaile

Irudia: Miren Agur Meaberen funtsa