Txirrindularitzaz eta tauromakiaz

2020-08-31

Tropelarenak puntu minbera ukitu zuen, nonbait, edo ideia askorik gabeko eremu lehorrean euri moduan erori, edo bietatik piska bat. Edonola delarik ere, konturatzen hasia naiz beste kontu bitxi bat gertatzen ari dela: denek ez bada gehienek onartzen dute frustrazio-aire bat badabilela, baina inork ez du onartzen frustrazioa bere etxean bizi denik. Arras landare itsusia izaki, frustrazioa, eta gu idazleok aski kanpoeder. Beti besterenean nahiago.

Erdi irriz erdi negarrez ari garelarik ere, ezin uka gaiak mamirik baduela. Azken finean, gutariko bakoitzari eskatzen digu geure burua definitzea literaturaren, gizartearen eta hizkuntzaren inguruan. «Zergatik idazten duzu?» galdera deseroso eta inozoari erantzun diezaiogun eskatzen du. Zeren, bide batez esanda, gauza gutxi dago itsusiagorik eta patetikoki irrigarriagorik irakurtzen ez diotelako edo aski famatua ez delako negarrez ari den idazlea baino.

Gutariko bakoitzak galdera horri erantzuteko adorea baleuka, definituko luke zertan den bere proiektu literarioa; zenbateko garrantzia duen horretan ospeak, diruak, ideologiak; zenbateraino hartaratzen duen asmo ludikoak edo pedagogikoak, edertasuna bilatzeak, konpultsio hutsak edo analisi eta ikasi nahiak; noraino izan nahi duen lekuko, noraino protagonista; gizartearekiko harremanak nola ulertzen dituen; eta beste hainbat. Eta erantzun hori errealitatearekin parekatuz norberaren argazkia argi samarra geratuko litzateke; eta hortik abiatuz debate interesgarria bidera liteke. Argazki argiegia, agian, eta debate interesgarriegia: ez diogu inori eskatuko jendaurrean erantzun dezan agian etxeko gelako bakardadean ere bere buruari egiten ausartzen ez den galderarik.

Idaztea ez da hain zaila. Letra mordo bat txukun samar elkartzea edozeinen edo ia edozeinen esku dago, eta geu gara adibiderik argiena. Orduan? Orduan goian egindako galderari norberak ematen dion erantzuna da gakoa. Erantzun horren energia, egokitasuna eta koherentzia. Erantzun sendo eta koherentea dagoen tokian idazle bat dago, eta ezerk ez du hori aldatuko, ez kritikak, ez salmentak, ez uneko apetaren gorabeherak. Eta inoiz batean gizarteak horixe aitortuko dio egiazko idazleari.

Edo agian inoiz ez. Baina hori ere berdin da, idazlearen helburua ez delako karrika bat edukitzea. Batez ere hori lortzerako handik oso urruti dagoelako.

Jon Alonso

«Txirrindularitzaz eta tauromakiaz», Argian, 2003ko urriaren 19an

Irudia: Bisitariak Parisko Louvre museoan, 1963.  Alfred Eisenstaedten argazkia