Literatura Tradizinoaz

Erdaldunen artean topiko bihurtu da, euskereak literaturarik ez daukala esatea. Euskaldunen artean, barriz, beste topiko bat aurkitu daikegu: euskereak ba daukala literatura bat. Auzia ebazteko, korapiloa askatzeko, puntu bat zuritu behar litzake lehenengo. Zer da literatura bat? Izkuntza batek, liburu batzuek izkuntza horretan izkribatu diralako, literatura bat badauka, orduan ba dauka euskereak literatura bat, dudarik bage. Baina nahikoa al da hori, egiazko literatura batez mintzo ahal izateko?

Ene ustez, literatura bat ez da liburu multzo bat. Zerbait gehiago behar da, izkuntza batek literatura bat daukala esateko. Literatureaz mintzatzeko, tradizino bat behar da, hau da, kate etenbako bat, gizaldiz gizaldi. Tradizino honexek finkatzen dau literatura izkuntzea eta literatura izkuntzearekin bateari, izkuntzearen literatura berbera. Ez dauka, zoritxarrez, euskereak horrelakorik. Batezbere mugaz honaindiko euskalkietan.

Etxegarai jaunak ikusi eban bezala, ba dauka euskal literatureak berezitasun bitxi bat, osterantzeko izkuntzen literaturekin konparatzen badogu: euskal idazleak alkar ezagutu barik egin dabe lan, batak bestearen barririk ez ekiala. Baina puntu honetan, ba dago diferentzia andi bat mugaz honaindiko eta haraindiko euskal literaturen artean.

Urkixo jaunarekin batera, ez dot nik uste, Etxegarairen eritxia zeharo egiazkoa danik, mugaz haraindiko literatureaz mintzatzen bagara: Pouvreauk agirian dauka Lizarraga, Oihenarte eta Axularren influentzia eta kutsua; Axular Etxeberri Ziburukoa, Materre eta Harizmendiren arteko artuemonak ondo ezagunak dira jadanik; eta XVIII gn mendean, Etxeberri Sarakoa tradizino haren jarraitzaile bikain agertzen jaku, literatura euskerearen eredutzat Axular jartzen deuskunean. Idazle multzo honeri eta batezbere tradizino honeri eskerrak lortu dau Lapurdiko euskereak bere prestutasuna eta nagusitasuna euskal izkeren artean. Lafitte jaunak aitortu dauan bezala, lapurtarraren aldeko joerea, tendentzia agiria izan da euskal idazle on guztien artean.

Ezin geinke beste horrenbeste esan bizkaierazko eta gipuzkerazko literaturetaz, tradizino hori benetan urria baita gure artean. Artu daiguzan Kardaberaz, Arrue eta Mogel, eta konpara daiguzan Axular eta Etxeberri biakaz.

Baina lapurtar klasikoen tradizinoa apurtu egin zan XIX gn. mendean, eta batezbere mende honetan, nafar-lapurtar dalakoaren bitartez. Honen ondorioz, errikeriaz eta txokokeriaz kutsatu da; eta gure literatura izkuntzea, formatzen ari zana, ahulduz joan da, gaur egunean mostratzen dauan egoeraraino jaitsiaz.

Gure mendeko euskal idazleen eginbeharrik beharrezkoena, galdu dogun tradizino hareri jarraitzea da. Hortixek etorriko da euskera idatziaren batasuna. Hortixek bakarrik. Errikoitasun faltsu baten espejismoak liluratzen bagaitu, barriz, ez dogu urte batzuen buruan ezer batu beharrik izango.

Ibon Sarasola
«Literatura Tradizinoaz», Anaitasuna, 176. zenbakian, 1969ko azaroaren 14an

Irudia: Axularren Gero liburuaren azala, Mikel Zabalaren argazkia