Sir Laurence Olivierren aipu eder bat daukat horman. Berak eta Charlton Hestonek antzerki lan bat antzeztu zuten zuela hogeita bost bat urte, eta sekulako egurra eman zieten. Hestonek esan zuen: “Tira, kritika txarrak ahaztu behar direla suposatzen dut”, eta Olivierrek esan zuen: “Ez, ahaztu behar direnak onak dira”. Ni teoria horrekin bat nator.
Gure parte batek lausengatua izan nahi du; gure parte batek ezohikoak garela sinetsi nahi du. Eta kontua da ez garela, noski; kontua da guztiok saiatzen garela egun bakoitzaren amaieraraino iristen, beste gabe. Nik uste dut jendeak zu laudatzen hastearen arriskua, benetan, sinisten hastean dagoela eta, ondoren, itxaroten hastean. Konturatu gabe, gero eta gehiago kostatzen zaizu zure logelan bakarrik geratzea. Nire ustez, oso garrantzitsua da gu nor ginen gogoratzea gu izaten ari garen bitartean. Uste dut hau oso inportantea dela idazleontzat. Uste dut gure indarrak, gure nukleoak, gure dramatis personaeak, idazten dugunari buruzko guztiak forma hartzen duela lehen urte horietan. Norberak pertsona hori ahazten badu, bizitzako zortzi-hamar urte goiztiar horiek ahazten baditu eta momentuko arrakastak berataz egin duena bihurtzen bada, idazle gisa duen indarraren iturria galduko du.
Klixearen arabera, aktore batengan ohikoa da New Yorken arrakasta izatea, emaztearengandik dibortziatzea eta Kalifornia hegoaldean beste pertsona batekin ezkontzea. Hori egiteko arrazoia da New Yorkeko emaztea han zegoela hura Broadwayko periferian bigarren mailako aktorea zenean, eta gogoratzen du nor zen bera, jendeak txaloka hartu aurretik. Emazte hori da oraindik esaten dion bakarra: “Ireki atea”, edo “Mesedez, zoaz erosketak egitera”. Baina aktore batek paperak antzeztu egiten ditu eta paper berri hori antzeztu nahi du. Aktore bat bazara, hobe da inork kontra egin gabe bizitzea, hori baita izarrei gertatzen zaiena. Izarrek asteak eta asteak ematen dituzte inork txintik esan gabe. Uste dut zuzendari handiek ere pairatzen dutela sindrome hori. Idazle batentzat hori izugarria dela uste dut.
William Goldman
Gidoigilearen ofizioa: Elkarrizketak sei gidoigile ospetsurekin, John Brady (Simon and Shuster, 1981)
