Adarkatze asko zeuzkan mundu fantastiko bat

Argitaratu eta berehala erosi nituen Garcia Marquezen liburu batzuk 1970eko hamarkadan. Etxean dauzkat Los funerales de la Mamá Grande, La mala hora, El coronel no tiene quien le escriba, Relato de un naúfrago, Noticia de un secuestro eta Crónica de una muerte anunciada; eta bina ale dauzkat El amor en los tiempos de cólera eta El general en su laberintorenak… Irakurle konpultsiboa nintzen, eta arrastoa segitu nion deskubritu nuenetik. Uste dut Pedro Páramoren [Juan Rulfo] bidez izan nuela haren berri. 1981ean urte osoa eman nuen Afrikan, eta han irakurri nuen Cien años de soledad; hango bati utzi nion irakurtzeko, eta ez daukat etxean. Ematen dit amorrua… Garai hartan ez nekien zer zen errealismo magikoa, eta gerora erraztasunez erabili dugu kontzeptu hori. Eta izan du eragina euskal literaturan; bereziki Anjel Lertxundirengan.

 Garcia Marquezi munduak sortzeko zeukan gaitasun hori nabarmenduko nioke. Tira, idazle guztiek sortzen dute mundu bat… Baina haren kasuan, adarkatze asko zeuzkan mundu fantastiko bat zen. Ez zen lineala, adar asko zituen; eta adar bakoitzetik bizia sortzen zen. Makila lehor batetik nola sortzen diren adarrak, eta adarretatik hostoak, eta hostoetatik loreak; ba horrela sentitzen nintzen haren literaturarekin. Gainera, kamera arinean balitz bezala da; hau da, urtaroak elkarren segidan joango balira bezala, udaberri etengabe batean adarrak, hostoak eta loreak loratzen.

William Faulknerren eragina aipatu zuen Nobel saria jaso zuenean, bere diskurtsoan. Guk ere deskubritu genuen Faulkner, egitura paralelo eta ez konbergente hori. Baina Faulknerrek ez dauka Garcia Marquezen emankortasun hori; lehorragoa da. Erakutsi zigun literaturan garrantzitsua dela tempusa, eta denborak zerikusi gutxi duela denbora kronologikoarekin.

Laura Mintegi

«Zer esan nahi du zuretzat Cien años de soledad, Cien años de soledaden 50. urtemugan, Berrian, 2014ko apirilak 23an

Irudia: Gabriel Garcia Marquez eta Juan Carlos Onetti. Dolly Onettyren argazkia