Sarritan, honetaz eta hartaz, iharduteko ideia originalak agortu egiten zaizkigulako edo, idazle jendeak zenbait idazleren aipamena egitera jotzen du. Eta burutazioren bat, hizpidea emango diolakoan, idazle europarren baten testua ekarriko du gogora, Flaubert eta Dürrenmatt-ena esaterako, eta bistan da jende aurrean ongi geratuko dela. Baina agian idazle amerikarren bat ere aipatuko du, Faulkner edo Cortazar, eta askoz hobeto geratuko da. Eta zer esanik ez aipatzen duen idazlea arabiarra edota japoniarra bada, Maalouf edo Bashó: orduan jende guztia aho zabalik geratuko baita.
Eta nik ere, ideia originalik ezean, gaur eta hemen, Iruñeko gartzelan dagoen ene lagun intsumiso baten aipamena egingo dut. Eta norbaitek galdetuko balit ea lagun horrek zer edo zer idatzi duen, baietz erantzungo nioke, niri behinik behin, astero-astero bere gutun bat iristen zaidala.
Halarik ere, eta laburtu beharrez, ezin hasiko naiz hemen bere gutun guztiak irakurtzen. Beraz, besterik ezean, gutunetako pasarterik esanguratsuenak jaso eta horietxen berri emango dizuet.
Joan den astean bertan jasotako gutun batek, esaterako, zera dio: «Badakizu, hemen gauza pilo bat irakurtzeko astia daukadanez, egun hauetan alemandar baten liburua ‘irensten’ ari naiz, Dietrich Bonhoeffer-en Resistencia Sumisión. Gizon hau artzain protestantea izan zen, eta naziek afusilatu aurretik, besteak beste, hara gartzelako giroaz zer idatzi zuen: «Sekula santan irribarrerik entzuten ez den etxe ikaragarri serios honetan —beren bizipenak direla medio, zaintzaileek ere ahaztua dutela dirudi—, poztasun beharra oso-oso handia da, eta azken tanta edango badu, norberak poztasun horren barne nahiz kanpoko iturburuetaraino jo beharra dauka». Eta San Fermin egunean poztasuna gartzelaren kanpo aldetik heldu zitzaigun; gure lagunek eguerdian txupinazoa aireratu zutenean, bihotzean sekulako zirrara, ikaragarrizko zimikoa nabaritu nuen. Izugarria izan zen. Benetan, ez dut uste inoiz halako San Fermin jai hasierarik izan dudanik».
Patxi Zubizarreta
«Intsumisioaren originaltasuna», Euskaldunon Egunkaria, 1993ko, uztailaren 15ean
