Bera bakarrik abangoardia

Gogorrena Baudelairentzat ez zen bizitza izan. Gogorrena izan bide zen garaiz ekibokatzea, moral bat erakustea sasoiz kanpokoa eta aurreratua. Erromantikoen moralina, beti zuzen agertu beharra zeukan gizartea, horiek ez ziren bere erlijioa: «Bai! Kontsolamendu da bizigarri den Heriotza,/ bizitzaren helburu eta esperantza bakarra,/ hark ematen baitigu hordiaren ondoez hotza,/ edabe gisa, gauera arte jotzeko indarra». Dena dela ez zen otzantzen, ez zen ixiltzen. Chateaubriand, Balzac, Stendhal, Mérimée, Vigny, Flaubert, Banville, Gautier eta Leconte de Lislek ez, baina gainontzeko «zabor moderno» orok higuintzen ei zuen. Eta modernoa zen guztia deitoratuz inauguratu zuen bestelako modernitate bat, efimeroa, fluktuatzailea, bizitzarekin zerikusi gehiago zuena eta korronte artistiko askatzaileei bide eman ziena. Arean aurreratu zen, besterik ez. Errealistak baino errealistagoa bere ametsekin, Baudelairek bazekien bidea egiten ari zela, Byronekin konparatuko zutela, bazekien zientzia ez zela gauza guztien erantzuna, bazekien burgesia ustelak ezin ekar zezakeela justizia estetikorik inoiz. Baudelaire izan zen, finean, bera bakarrik abangoardia.

Igor Estankona

«Haziak zabaltzen gauez» Charles Baudelaireren Gaitzaren loreak iburuaren kritika, Deia, 2020ko apirilaren 18an

Charles Baudelaire Étienne Carjat-ek 1862 urte inguruan atera zion argazkia