Pereirak dioenez, aita Antonio zutitu eta aurrean jarri zitzaion mehatxuzkoa iritzi zion aurpegiera batekin. Aizak Pereira, egoera !arria duk eta norberak bere erabakiak hartu behar ditik, ni elizgizona nauk eta men egin behar zioat hierarkiari, baina hi, katoliko izanik ere, librea haiz heure erabakiak hartzeko. Orduan, ba, azal iezadazu dena, erregutu zio Pereirak, nik neure erabakiak hartu nahi baititut, baina ez nago jakinean. Aita Antoniok sudurra zintzatu, eskuak bularrean gurutzatu, eta galdetu zuen: baduzu euskal apezen problemaren aditzerik? Ez, ez dut aditzerik, onartu zuen Pereirak. Dena euskal apezekin hasi zuan, esan zuen aita Antoniok, Gernika bonbardatu eta gero, euskal apezak, askoren ustez, Espainiako jende kristauena, errepublikaren alde jarri zituan. Aita Antoniok zintz egin zuen, bihotz-hunkiturik balego bezala, eta jarraitu zuen: joan zen urteko udaberrian bi idazle katoliko frantses ospetsuk, François Mauriacek eta Jacques Maritainek, euskaldunen aldeko agiri bat argitaratu zitean. Mauriac!, atera zitzaion Pereirari, banengoen ba ni Mauriacen hil-berria prestatu beharra zegoela hiltzen denerako, pertsona bikaina da, baina Monteiro Rossi ez da idazteko gauza izan. Nor da Monteiro Rossi?, galdetu zuen aita Antoniok. Kontratatu dudan laguntzailea, erantzun zuen Pereirak, baina ez da gauza jarrera politiko egokia hartu duten idazle katolikoak hiltzen direnerako hil-berriak egiteko. Baina zergatik egin nahi diek hil-berria?, galdetu zuen aita Antoniok, Mauriac gixajoa, bizi dadila bakean, haren beharra diagu oraindik, zergatik nahi duk hiltzea? Ah, nik ez dut hori nahi, esan zuen Pereirak, ehun urtez biziko balitz hobe, baina eman dezagun bihar hiltzen dela, gutxienez omenaldia berehala eginen liokeen egunkari bat egonen litzateke Portugalen, eta Lisboa izanen litzateke egunkari hori, baina barkatu, aita Antonio, segi aurrera. Ongi duk, esan zuen aita Antoniok, kontuak okerrera egin dik Vatikanoa dela-eta, aditzera eman baitzuen milaka erlijioso espainiar hil dituztela errepublikazaleek, katoliko euskaldunak «kristau gorriak» zirela eta haiek eskumikatu beharra zegoela, eta esan eta egin, eta horri guztiari Claudel gehitu zitzaioan, Paul Claudel ospetsua, idazle katolikoa bera ere, «Aux Martyrs Espagnols» izeneko oda idatzi dik, aitzin-solas bat bertsotan, Pariseko agente nazionalista baten propaganda-opuskulu pozoitsu baterako. Claudel, esan zuen Pereirak, Paul Claudel? Zintzatu zen beste behin aita Antonio. Hori bera, esan zuen, nola definituko huke, Pereira? Honela, bat-batean, ez dakit ba, erantzun zuen Pereirak, Claudel ere katolikoa da, beste jarrera bat hartu du, bere hautua egin du. Baina, nola bat-batean ez dakiala, Pereira, esan zuen sututa aita Antoniok, Claudel hori putakume bat duk, horixe duk, eta barka ezak leku sakratu batean hitz horiek esatea, nahiago nikek kalean esan. Eta gero?, galdetu zuen Pereirak. Gero, jarraitu zuen aita Antoniok, Espainiako apezen goiko hierarkiak, Gomá kardenala buru zuela, Toledoko artzapezpikua alegia, zera erabaki zian, munduko apezpiku guztiei gutun ireki bat bidaltzea, ulertzen duk Pereira?, munduko apezpiku guztiei, mudu guztiko apezpikuak haien moduko faxistak balira bezala, eta esaten ditek Espainian milaka kristauk armak hartu dituztela, beren kasa, erlijioaren printzipioak salbatzeko. Bai, esan zuen Pereirak, baina martiri espainiarrak, hildako erlijiosoak… Aita Antonio isilik egon zen pixka batean eta gero esan: beharbada martiriak dituk, baina edozein modutan ere errepublikaren kontra azpijokoan ari zen jendea zuan eta, begira, errepublika konstituzionala zuan, herritarren botoekin onartua. Francok estatu-kolpea eman dik, gaizkile bat duk. Eta Bernanos?, galdetu zuen Pereira, zer ikusteko du Bernanosek honekin guztiarekin?, bera ere idazle katolikoa da. Bernanos duk Espainia benetan ezagutzen duen bakarra, esan zuen aita Antoniok, hogeita hamalautik joan zen urtera arte Espainian egon duk, frankisten sarraskiei buruz idatzi dik, Vatikanoak ez dik soportatzen benetako lekukoa delako. Badakizu, aita Antonio?, esan zuen Pereirak, Lisboaren orrialde kulturalean Journal d’un curé de campagneko kapitulu bat edo bi argitaratzeko asmoa dut, zer iruditzen zaizu ideia? Ideia bikaina iruditzen zaidak, erantzun zuen aita Antoniok, baina ez zakiat argitaratzen utziko diaten. Bernanos ez duk oso maitea Portugalen, ez dik oso gauza samurrik idatzi Viriato batailoiaz, Espainiara Francoren alde borrokatzera joandako soldadu portugesen taldeaz, eta orain barkatu beharko didak, Pereira, baina ospitalera joan behar diat, zain zauzkaat nire gaixoak.
Altxatu zen Pereira eta agur esan zion. Ikusi arte, aita Antonio, esan zuen, barkatu denbora hau guztia galarazi badizut, hurrena konfesatzera etorriko naiz. Ez duk batere premiarik, ihardetsi zuen aita Antoniok, aurrena saiatu bekaturen bat egiten eta gero etorri, ez niri denbora alferrik galarazi.
Antonio Tabucchi
Pereirak dioenez, Igela, 2006, Fernando Rey euskaratzailea