1987an, Hendaia (Lapurdi) eta Irun (Gipuzkoa) batzen dituen Santiago zubia zeharkatzen irudikatu zuen Izagirrek berak bardoa, Iparragirre rides again narrazioan. Sinopsia: Yamaha Guitar FG-140 Nippon Gakki bat eta Winchester bat daramatza berekin musikariak, apirilaren 6 batez —egun horretan hil zen bardoa—; literatur kritikari biboteduna akabatuko du Donostiako terraza batean; Gernikako arbolari su emango azkenean.
«Denetarik egin da Jose Mari Iparragirreri buruz. Film bat egitea bakarrik falta zaigu», dio Mendibilek. Espoilerra: «Inoiz egingo da, ziur naiz». Jon Maiaren dokumentala, behintzat, tiraderan geratu da. Urte hau bukatu aurretik ziren estreinatzekoak; hala zegoen iragarrita: Baleukok eta Pixelek ekoitziko zutela, ETBren parte hartzearekin. Azken horrek ezetz esan du, baina, eta bertan behera geratu da proiektua, diru faltagatik.
Diru faltak geldiarazi zuen Mendibilen beste proiektu bat ere, duela bi hamarkada luze: film epiko bat. Gidoia idatzi ere egin zuen, Toulouse-Lautrec ez, Pablo Picasso erabiliz abiapuntu gisa. Hala hasten zen filma: Gernika margolanaren trazetatik 1937ko benetako Gernika bonbardatura joz; eta, handik, 1828ko Urretxura, Iparragirreren haurtzarora. «Denetarik dauka Iparragirrek film bat egiteko, benetan. Pertsonaia tragikoki erromantikoa da». Eusko Jaurlaritzak dirua jartzeko eta Sean Connery aktoreak bardoa haragizta zezan izandako kontaktuak ditu gogoan Mendibilek, eta ekoizle estatubatuar batek filma egiteko aukera sortu zenekoa ere bai. «Dirutza eskatu zuen, baina, ezertan hasi aurretik». Halaxe geratu zen gidoi hura ere. Tiraderan.
Horixe, Iparragirreri buruz sekula egin gabeko filmaren sekuelako protagonista nagusi posiblea: tiradera bat.
Pantaila beltzera.
Amaiera.
Amagoia Gurrutxaga
«Estereotipoen kaiolan», Berrian, 2020ko abuztuaren 15ean