Nik ere esango dut non ezagutu nuen Patricia Highsmith: Ondarretako hondartzan

2022-04-06

Nik ere esango dut non ezagutu nuen Patricia Highsmith: Ondarretako hondartzan, eta ez, noski, eguzkia hartzera han etzan zelako, baizik eta idazle honen nobeletatik irakurri nuen lehenbizikoa, El cuchillo (The Blunderer) han irakurri nuelako.

Duela dozenaren bat urte izango zen, eta haren liburu gehiago irakurtzeko gogoa jarri zidan. Gogo hura ez zait oraindik joan. (…)

Poztu nintzen irakurtzean Truman Capote izan zela Patricia Highsmith hasiberriari New Yorkeko literatur zirkuluetan sarrera ireki ziona. Izan ere, horra hortxe irakurlea sorgintzeko zein baino zeinek trebetasun handiagoa duten bi idazle, bakoitzak bere bidea egin dutenak eta orain euskal irakurlea liluratzeko gauza izango direnak.

Norbaitek idatzi du Patricia Highsmithek bere pertsonaiak tratatzen dituela armiarmak sarean harrapatu dituen euliak bailiran. Ez dut uste hori horrela denik. Bere amodio eta gorrotoak pertsonaiengan islatzen dira, dudarik ez. Baina askotan, estereotipoei ihes eginez, hiltzaileak dira haren obrako pertsonaia erakargarrienak. Ez da ez, topikoetan aise erortzen den horietakoa. Sorginak laguntza eske doakionari eskaintzen dion begirada maitekorraz begiraten diola esango nuke nik: gehienez ere azkenean ispilu bat edo emango dio, bere burua hobeto ezagutu dezan.

Xabier Olarra

«Patricia Highsmith: sorgin zintzoa», Euskaldunon Egunkaria, 1995eko otsailaren 9an

Patricia Highsmith bere katuarekin