Guti izanen dira, euskaldunen artean, Xabier Amuriza apaiz bertsolariaren berri ez dakienik, batez ere orain sufritzen duen gatibitatearen arrazoiz. Haren kondena horren zuzenbideak eta okerbideak alde batetara utzirik (ez baikara gu nor, tribuna honetatik geure buruak inoren jueztzat onar arazitzekotz), har dezagun bakarrik kontuan hau, Gaztelako mahain goretan pairatzen duen bakartatea nola sufritu behar duen plaza gizonaren bihotzak (ez dezagun ahatz, Xabier Amuriza bertsolaria denik), bere herriarekin lokarri eta harreman guztiak apurturik ikusita.

Hala ere, Xabierrek ez du Euskal Herriarekin dadukan komunioa hautsi nahi ukan, eta guri, LUR editorialekooi jo zeukun, harreman frutukor baten zubi izan gintezen; eta, euskaldunek beren buruak begiratzeko espillu bat izan zedin, Aldous Huxley-ren «Brave New World» nobela argia, gaztelaniaz «Un Mundo Feliz» izenarekin argitaratu dena, enkargatu genion itzultzea.
Denbora iragan da, eta hona non eta noiz ailegatu zaikun nobela hori, Amurizaren eskutik euskaraturik, presoindegiko zentsore jaunak bere eskuz eta firmaz zilegiztatu eta autorizatua. Hala, eta Xabier Kintanak adizki batzuk eta Z edo S edo H batzuk korrejitu ondoren (hori baita Amurizaren deseoa), inprentara bidaltzen dugu.
Hemen eskatzen duen euskal-erdal hiztegia alde batetara utz dezagun, oraingotz. Gure eritzian, askozaz interesanteagoa baita euskal hiztegi bat. Ahalegin guztiak egiten ditugu, nahiz eta gure arteko aberatsek bat ere menezasgoarik eskaintzen ez badaukute ere, «Batasunaren Kutxa»ren edizio berri eta gehitu (guztiz gehitu) bat ahalik eta lasterren argitaratzeko.
Batasunaren zeregin honetan diziplina handia behar da. Euskaltzaindiak ezer eginen ez zuela zirudienean, euskal idazleok konpromiso batetara etorri ginen, eta konpromiso hori beteko genuela zin egin ere egin genuen. Batzuon asmoa zen, Jainkoagatik zin egin behar zutela (fededunek behintzat), federik ez zutenek beren ohoreagatik zin egin zezaten kondizioarekin. Baina fededunek (apaizek batez ere) ez zuten hala juratu nahi ukan, eta beren ohoreagatik (orain ikusten dugu zein merke saltzen den euskaldun askoren ohorea) juratu zuten.
Dirudienez, guztiok ahaztu dugu geure zin hori.
Bakarrik dago bat, zin hori ahaztu ez duena, eta gainera zin egiteko posibilitate materialik eduki ez zuen bat.
Xabier Amuriza.
Gabriel Aresti
«Euskaldunaren espillu», Anaitasuna, 1971ko abuztuaren 30ean, 217. zenbakia

