Tarantino zine zuzendariaren elikagaiak diruditen pasadizo asko eta asko

Har bezate beste udalerrik eta enpresek, Beasaingo Udalak eta CAF enpresak hartu duten literatur ardura, eta sortu daitezela hamaika Igartza idazle gazteentzako beka bazter guztietan. Horien arrimura jaio liburuek, Jasone Osoren Korapiloak (Elkar, 2001) kasu, onura baino ez baitiote ekartzen idazleari berari eta babes horren ondorioz sortu sormen-lanaz aberasten den euskal literaturari.

Maitasuna, gorrotoa, obsesioa, zeloak, kariñoa, paranoiak, sexua, heriotza… «Sentimenduen mundu zabal, ezezagun eta apasionanteak jositako trenbidea da Korapiloak eta bizi dugun voyeur garai honetan begiak gidatzen duen tranbia du ardatz» ipuin bildumak, egilearen beraren esanetan.

Azpimarratu zer nolako gaitasuna duen Jasone Osorok (Elgoibar, 1971) intimitatea inolako bortxaz erasotzeko, sutea semantikoki aktiboa zein irakurlearen eroso eta fereka egiten den haren borondatean. Naturaltasuna. Hitzak berez datoz, proposamenaren sentsibilitateak horretara erakarririk: «Nahikoa txintxetaz josita daukagu eguneroko bizitza literaturan ere mugak eta aurriritziak jartzen hasteko» dio Jasone Osorok.

17 dira bertara ekarri dituen ipuinak, eta baditu, nire ustez, batzuk besteak baino borobilagoak diskurtsoz, garrantziaz eta uztarduraz, «Plantxa» esate baterako, baina guztiotan bere begirada lotsagabea, zentzurik ederrenean, Tarantino zine zuzendariaren elikagaiak diruditen pasadizo asko eta asko, irudimenaren jolasa, ausaz moral mingotsari zorioneko tratu txarra, eta sexuaren gazikara gozoaren iturri preziatuak. Oso atsegina.

Jasone Osorok, «literaturari dagokionean askozaz askeago sentitzen naiz eguneroko bizitzan baino» nabarmentzen duenean, idazlearen paperaz ari da, gugan askatasuna kutsatzeko hartzen duen arduraz. Eta isurtzen du ipuinetan barna, euskal literaturaren ibaian sormen-ur berria osatzen duen hizkuntza.

Tentazioak izan zen bere lehenengo liburua, 1998an. Urte berean kaleratu zuen Isadora, Isadora Duncan dantzariaren biografia. Eta hirugarrena duen lan honetan, gizakiak berez duela bizitza korapilatzeko joera erakusten du Jasone Osorok eta korapiloak askatzen asmatzea dela, neurri batean, bizitzaren jolasa. Merezi duen jolasa.

Jose Luis Padron

«Jasone Osororen jolasak», Bilbaon, 2001eko apirilean

Irudia: Uma Thurman Pulp Fiction promozionatzeko argazkian

Borja Goitiak Juantxo Egañaren argazkiaren gainean konposatutako Korapiloaken azala