GAZTE NAIZekook talde bat osatzen genuen; ostegunetan biltzen ginen: Rikardo Arregi, Mikel Lasa, Beobide, Saizarbitoria, Lete eta beste. Idazten zutenen artean Txillardegi ere —Goienetxe bezala uste dut firmatzen zuela— bazegoen, eta, noski, hau ez zen bileretara etortzen. Gogoratzen naiz Leteren artikuluak izugarri onak eta gogorrak iruditzen zitzaizkidala; bat gogoratzen dut bereziki: «Requiem» eta zegoen zensurak pasatu ez zituen beste zenbait.
GAZTE NAIZeko taldea, Rikardorena eta, bestetik, JARRAI zeuden. Mugimendu baten hiru aurpegi bezala dut: «Ezkerra ez da behin ere hilko», bestea GAZTE NAIZ, literatura militante aplikatua eta gero, JARRAI, teatro taldea.
GAZTE NAlZ, aurreko egoera folkloristarekin kortea emateko gogoa izan zen eta hainbat hauzi plazaratzeko gogoa. Eta, noski, hura bukatu zenean, bukatu zen, GAZTE NAIZ. Momentu batetan «impasse»ra ailegatu ginen: gauza berdinak erreflejatzen ziren. Gero hasten da sartzen jendea eta jendea, deskafeinatua gelditzen da eta azkenean, horrela hiltzen da.
Zuretzat, idazle bezala hastapenetan zeuden momentu hartan, zer suposatu zuen GAZTE NAIZek?
Neretzat, pertsonalki, GAZTE NAIZetik atera dudan gauzarik inportanteena, Ramonekin erlazioa da, inoiz hautsi ez dena; oso inportantea izan da neretzat eta beretzat ere bai, beharbada.
Esate baterako, Ramonek Friburgon idatzi zuen Egunero hasten delako nobelaren lehen bertsioa eta, adiskidetasunez, euskal idazle bati bidali zion. Honek ez zion kasorik egin; Ramon nahiko frustatua geratu zen eta ez zidan utzi nahi. Azkenean, asko eskatu ondoren buzoian utzi zidan egun batetan; irakurri nuen eta han zerbait berria zetorrela konturatu nintzen. Lehen bertsio hori galdu egin zen eta pena da. «Irakurle maitea…» eta horrela hasten zen, baina gauza batzu kendu, beste batzu jarri… bazegoen atzetik zerbait. Egunero biltzen ginen Ramon eta biok, berak ekartzen zidan idatzitakoa eta diskutitzen genuen. Honela osatu zen nobela. Hortik erlazio literario bat sortu zen, gero beste mailetara zabaldu zena. Eta, neretzat, GAZTE NAIZen espiritua hura zen: elkarrekin biltzea, problema literarioaz eta momentuko gaiez hitzegiteko eta idazteko, eta, batez ere, taldea, egitea. Guk beti nostalgia hori dugu: taldea eta orduan taldea egiten genuen. GAZTE NAIZ batez ere hura izan zen: literatura egin behar zela, taldea egin behar zela…
Eta politika aldetik?
Garaiko ETAren oihartzun kulturala edo horrelako zerbait gertatu ginela esan daiteke. Ideologia konkretu bat baino areago, aurrean genituen hainbat gauzaren kontrako ikuspegi berdin batek batzen gintuen lehen momentu haietan.
Ibon Sarasola
Elixabete Garmendiaren elkarrizketa Argian, 1977ko abenduaren 25ean