Azkenean dena ondo ateratzen den magia emanaldi bat

Gilles Perraulten Orkestra Gorria gure katalogoak duen harribitxietako bat da. Hemeretzi hizkuntzetara itzulia, mundu mailako arrakasta eta eredua bere literatura-generoan, liburu hau Perraulten obrarik unibertsalena da. Alemaniaren garaipenean erabakiorra izan zen espioitza sarerik inportanteenari buruzkoa da. Liburuak historiarik harrigarrienetako bat ekarri zigun: argitaratu eta gutxira Alacanten erretiroa hartuta zegoen mago ezagun batek idatzi zigun, Michel deitzen zela eta Kenten —edo Vicente Sierraren— eta Margareten, liburuko bi protagonisten, semea zela esan zigun. Bere aitak, Gestaporen eskuetan zegoela, emaztea eta 17 hilabeteko Michel semea salbatzearren, kausa traizionatu zuela iradokitzen zuen Perraulten liburua argitaratu izana aurpegiratu zigun. Gizon zintzo honek ez zeukan idazlea gezurtatzen zuen inolako frogarik, amak hil aurretik emandako lekukotza maitekorra baino ez, bere aita zein zen eta kartzela nazi batean nola zehatu zuten kontatzen zuena. 

Michel kontsolatzen saiatu nintzen, sinistu egin nion eta gure aldizkariaren orrialdeak eskaini nizkion bere bertsioa eman zezan, biok genekien arren ezingo zuela hain unibertsala zen liburu baten bertsioa aldatu. Baina gizonak bere borrokarekin jarraitu zuen, mundu erdiari gutunak idazten, harik eta Perestroikaren abaroan, SESBeko presidenteak, Mikhail Gorbatxoven gutun bat jaso zuen arte, kasua ikertuko zuela aginduz. Egun batez, 25 urteko bilaketaren eta horren bikoitza iraun zuen banaketaren ostean, Leningradotik dei bat jaso zuen. Kent zen. Edo Vicente Sierra. Bere aita. Espioia. Egiaz, Anatoli Markobitx Gourebitx zuen izena eta Armada Gorriaren kapitaina zen. Ez zen traidorea, Bigarren Mundu Gerrako heroia baino. Hura izan zen Michelek xistera batetik sekula ateratako sorpresarik handiena. Pozak zoratzen deitu zigun: 

—Nik imajinatu bezalakoa da: bizia, argia bere 80 urterekin, eskuzabala, behar bezalako gizona, heroi antifaxista bat!

Gizonak hizketan jarraitu zuen, emozionatuta: betiko elkarrekin zeuden jada; abizen berriak izateko tramiteak egiten ari ziren eta gertu zeuden munduari orkestra gorriak jotzen zirauela kontatzeko. Azkenean dena ondo ateratzen den magia emanaldi baten modukoa izan zen.

Jose Mari Esparza Zabalegi

Apología: Memorias de un editor rojo-separatista, Txalaparta, 2018, Mikel Sotok euskaratua

Irudia: Lejb Domb espioi sobietarra, Leopold Trepper ezizenaz ezagunagoa, Orkestra Gorriaren arduradun nagusienetakoa, Varsovian, 1960ko hamarkadan, daukan argazki bakanetako batean