Alde egotearen alde nago

2020-10-09

Ez nago kontra egotearen kontra
baina batez ere
alde egotearen alde nago.

Kontra egotearen alde nagoenean
ez nago
alde egotearen kontra
kontrakoa baizik.
Alde egotearen alde nagoelako
ez naiz
alde bakarrekoa.

Gora! egitearen alde nagoenean
behera! egitearen alde nago.
Hori bai
ez alde ez kontra egotearen
kontra nago.
Hitzak kontrako eztarritik doazenean ere
ahotsaren alde nago.
Isiltasunaren alde ere banago
isiltasunaren kontra isiltasuna
erabiltzearen alde nagoelako.

Hala ere,
alde egotearen alde egoteak
ez du esan nahi beti
alde egotearen alde nagoenik,
alde batetik
niri ere kontra egoteko
arrazoiak falta ez zaizkidalako,
eta bestetik
korrontez kontra ibiltzearen
aldekoa naizelako
batez ere kontrako haizea dabilenean.

Baina funtsean zera esango nuke:
ez dago alde egitearen alde egotetik
alde egiterik.
Beraz, ez gaitezen egon alde egitearen alde
egotearen kontra
kontrakoa baizik.

Oier Guillan

«Alde edo kontra», Zauri Bolodia, Txalaparta, 2018

Irudia: Lehen eskola eguna Portugalen, 1936an