Hamabost gizon hildakoaren kutxan. Tra-la-rai, eta rona botilan!

Flint kapitainak urte luzeetan bildu zuen bere altxorra. Urte luzeetan eta odol eta atsekabe askoren truke, hamaika itsasuntzi eder hondoratuz, makina bat gizon ausart uretara botata eskuak loturik. Walrus itsasuntzian zeharkatu zituen itsasoak eta behin batez altxor izugarri hura ezkutatu behar zuela gogoraturik, sei gizonen laguntzaz uharte batera eraman zituen urre eta txanponak; altxorra lurperatu zuten eta bera bakarrik itzuli zen Walrus zaharrera. Mapa batean seinalatu zuen altxorraren ezkutalekua. Flint kapitaina zen, Billy Bones bigarrena, Long John Silver seinalaria. Flint ronak hil zuen, mapa Bonesek hartu eta Admiral Ranbow ostatuan gela hartu zuen. Eta denok badakizue hemendik aurrerako istorioa. Nork ez du Altxor uhartea irakurri edo zeluloidean ikusi? Abentura liburua, abentura libururik bada. Baina heroeak hezur-mamizkoak dira; estiloa argia, zehatza; istorioa ondo egituratua. Stevenson bidaiari gaiso eta nekaezinaren libururik famatuena da eta euskarazko bertsioa egokia, neurrikoa, bizia. Goazen ba altxorraren uhartera eta kanta dezagun bukanierrekin batera Flinten kanta: «Hamabost gizon hildakoaren kutxan. Tra-la-rai, eta rona botilan».

Karlos Zabala

«Altxorraren bila», Euskaldunon Egunkarian, 1992ko uztailaren 3an

Irudia: Euskal portu baten XVIII. mendeko irudia. Pedro Telesforo Errazkin, Bilboko Euskal Museoa