Leihorik ireki gabe

2020-08-28

Hamaseigarrenean aidanez delakoan, tituluaz baliatuko banintz, exitoaz hitz egin beharko nuke, idazle batek infernua dela jakinarren beti persekitzen duen amildegiaz.

Baina liburua ireki eta Cesare Paveseren zita dela lehendabizi agertzen dena kontutan hartuz eta lehendabiziko hitzak bezala Paveserenak nire egingo banitu («Arazoa: emakumea indartsuaren sari da ala ahularen makulu, gizonezkoen borondatera?») bi gorabehera plantea ditzaket: 

1. Paveseri diodan zorra. Eta horrek aitzakia emango lidake influentziez mintzatzeko, aita eta aitaponte literarioez. 

2. Martzelinaz hitz egin dezaket. Emakumeek herri honetan bizi behar izan duten paperaz. Eta hori zein gutxi irudikatu den gure literaturgintzan. 

Baina berez zita ez da nirea eta, horrela, jokuaren erregelarekin jarraituz, «ez nuen leihorik ireki behar izan gertatuko zitzaidana ezagutzeko» hitzak dira testuan agertzen diren lehendabizikoak. Ez da, ez, leihorik ireki behar izaten, geure ezagutzarako, edo, beste modura esanda, gehiegitan irekitzen ditugu leihoak kanpora begiratzeko lanean, baina indarra falta izaten zaigu sintzeritatez geure baitara bildu eta han arakatzeko, aztarka aritzeko, geure miseriak, miseria ugariak ezagutzeko. Jakina da noiz ikusten ditugun gure oinak lokaztuta: lokatzetatik ateratzen ditugunean.

Anjel Lertxundi

«Nire obraz», Hegats, 2. zenbakian, 1990eko maiatzaren 15ean