Axular

2020-08-28

Euskal jaun aberatsa, zelai zabalean
goratzen den mendia bezala zaitugu;
kidekorik ez duzu zure lehen-aldian
ta ondoren ez zaigu zure pare agertu.

Ibai oparoa antzo, euskal baratzean
zure mintzoak dena du lore bihurtu;
euskeraren gogoaz jabetu zinean
ta «jende artean ahalke zena» jaso duzu.

Zure bidetan barna, Euskerako erromes
sarritan ibiltzen naiz, ikasnahi ta apalik,
urrundanik bada ere, zuri jarrai nahiez.

Baditut apaletan liburu eder asko,
baina aspalditik ohe-buruan bi soilik:
grekazko Itun Berria ta Gero euskerazko.

     Bingen Ametzaga

«Axular», Caracas, 1962. Itsaso Aurrean: poemak eta poesia itzulpenak 1919-1968, Xabier Irujoren edizioa, Susa, 2006

Irudia: Saran Axularren omenez Louis-Lucien Bonapartek 1865ean jarritako plaka