Gaztetan gutako askok klasikoak gaindituta zeuden morroi batzuk zirela uste genuen, auto modelo zaharkituen antzera. Urteetan aurrera egin ahal ordea, kontrakoa hasi ginen pentsatzen, eta poliki-poliki gero eta liburu berri gutxiago irakurtzen genuen klasikoen mesedetan. Gero eta nabarmenago, atzera begira jartzen ginen, irakurrita genituenak berbisitatzeko eta gainerakoak lehen aldiz esku artean eta begi aurrean edukitzeko. Badakigu klasikoak gehiegi direla, eta gure bizitza, berriz, laburra, motibo nabarmena liburu berri gehiegi irakurriz astirik ez galtzeko.
Gaurko literaturazaleok behin eta berriro bisitatzen dugun idazle klasiko horietako bat Flaubert da, behiala literatura modernoa bakarrik maite genuenontzat XlX. mendeko aintzindari erraldoia. Eta ez da zahartu, benetako klasikoen antzera. Berak bazekien inmortalitatea irabaziko zuela bere liburu batzuengatik, baina, ziur aski, berpiztuko balitz, harritu egingo litzateke ikusiko balu bere gutunengatik ere asko maite dugula.
Mikel Hernandez Abaitua
«Flaubert», Euskaldunon Egunkarian, 1999ko martxoaren 6an

