Garrantzia duena obra dela eta ez egilea dioen leloa inorengan betetzen bada, J(erome) D(avid) Salinger jaunaren kasuan axioma da: gazte-gaztetatik ez du inoiz elkarrizketarik eskaini, debekatu egin izan ditu berari buruzko biografiak, liburuetan ere ezin ezeren berririk eman, honen aldamenean doan argazkia ere ustekabean hartu edo ostu zioten.
Idazlea idolatratu ezin eta idazlana, zekale arteko hau kultuko liburu bihurtu zen askorentzat, eta ez da harritzekoa. Holden Caulfield gaztearen berbaro etengabean nabarmentzen den tonu ironiko-mingotsak, guztia kaka zaharra iruditze horrek, Europako existentzialismoak baino hobeto adierazten zuen munduarekiko nazka eta, aldi berean, garai bateko sentsibilitatera mugatu gabe bizi-bizi jarraitzen du gaurko irakurlearentzat, idazle iparramerikarrarengan izandako eragina lekuko.
Xabier Mendiguren Elizegi
«Harrapatzen bazaitu», Euskaldunon Egunkarian, 1991ko ekainaren 1ean
