Idazlearen dekalogoa

2025-01-22

Lehena

Zer esana duzunean, esan. Ez daukazunean ere, esan. Idatzi beti.

Bigarrena

Ez idatzi inoiz zure garaikideentzat. Are gutxiago, horrenbestek egiten duten bezala, zure arbasoentzat. Idatzi etorkizunari begira. Han izango zara ospetsua, dudarik gabe, jakina baita etorkizunak justizia egiten duela, beti.

Hirugarrena

Ez inoiz ahaztu zera dioen esana: «Literaturan ezer ez dago idatzita».

Laugarrena

Ehun hitzekin esan dezakezuna esan ehunekin. Batekin esan daitekeena, batekin. Ez erdibidean geratu. Ez inoiz idatzi ezer berrogeita hamar hitzekin.

Bosgarrena

Ez dirudien arren, idaztea artea da; idazlea artista da, trapezioko artista bezala edo beste guztiei gailentzen zaien borrokalaria bezala, hitzen borrokalaria, alegia; borroka horretarako prestatzeko, gau eta egun egin behar da ariketa.

Seigarrena

Aprobetxatu desabantaila guztiak, loezina, kartzela zein pobrezia. Lehenak egin zuen Baudelaire, bigarrenak Pellico eta hirugarrenak zure lagun idazle guztiak. Saihestu, beraz, Homero bezala lo egitea, Byronen bizitza lasaia edo Bloy bezainbeste diru egitea.

Zazpigarrena

Ez ibili arrakastaren bila. Arrakastak egin zuen Cervantesena, hain idazle ona zena, Kixote idatzi zuen arte. Arrakasta saihestezina bada ere, tarteka hartu porrot biribilen bat ere, zure lagunak tristatu daitezen.

Zortzigarrena

Lortu zeuretzat publiko argia, aberatsen eta boteretsuen artean errazago izango duzu. Horrela, ez zaizu faltako ulermen eta babesik, bi iturri horietatik baino ezin baita hori lortu.

Bederatzigarrena

Zugan sinetsi, baina ez horrenbeste; zeure buruaz duda egin, baina ez horrenbeste. Dudak dituzunean, sinetsi. Sinesten duzunean, egin duda. Horixe da idazleari lagunduko dion benetako jakituria bakarra.

Hamargarrena

Saiatu hitz egiten irakurleak pentsatzeko moduan zu bezain azkarra dela edo zu baino azkarragoa. Tarteka, saia zaitez hala izan dadin. Baina horretarako, zu bera baino azkarragoa izan beharko zara.

Hamaikagarrena

Ez ahaztu irakurleen sentimenduak. Normalean, horixe da daukaten onena. Ez zuk bezala, zuk ez dituzu edo, bestela, ez zinateke ofizio honetan sartzen saiatuko.

Hamabigarrena

Irakurlea, berriz. Zenbat eta hobeto idatzi, orduan eta irakurle gehiago izango dituzu. Zenbat eta lan finagoak idatzi, orduan eta gehiagori gustatuko zaizkie; jende arruntarentzat idazten baduzu, ez zara inoiz ezaguna izango eta inor ez da saiatuko kalean zure trajea ukitzen edo ez zaituzte supermerkatuan atzamarrarekin seinalatuko.

(Egileak aukera ematen dio idazleari adierazpen horietatik bi utzi eta beste hamarrekin geratzeko).

Augusto Monterroso

«Idazlearen dekalogoa», Irati Jimenezek euskaratua, Aiztoa eta arkatza: Idazteari buruzko idazleen aholkuak (autolaguntza gida), Txalaparta, 2013

Irudia Antton Olariaga