Arrazoia eman ziguten bozgorailuek. Camarillo brillo!

Hegazkinera denok, tximaluze horiek! Tira, tira! Denok barrura! Denok esan dut! Azkar, azkar! Ez daukagu egun osoa!

Ez dakit zertara zetorren hainbesteko presa eta zakarkeria, egia esan.

Paraxut bana eman ziguten bi-helizeko hegazkinera igo bezain pronto. Ez zen handia, berehala hartu zuen altuera. Imajinatu behar nuen: nola biziko nintzen bada eternitate osoan kantu baten barruan, paraxutarekin salto egin eta kantuaren adarretan zintzilik geratuta ez bazen? (Well, I was born to have adventure, zioen Zapparen kantuak, eta horratx zinez zain nuena). Kantuaren izenburua bozgorailuetatik ozenki esan eta hegazkinetik salto egitera xaxatzen, akuilatzen gintuzten. Pena hartu nuen begi apur bat estrabikoa zuen neska beltzaranak, maskotatzat suge bat izateko itxura guztia zuenak, Dylanen The Times They Are A-changin’ kantuaren deiarekin jauzi egin zuenean.

Orduan bereizi nuen jende artean kukuturik zapata zuridun morroia. Gogoa lauso, nire pentsamendu bertsua zerabilen hark ere buruan: Dylanekin joan zen neska estrabikoa.

Ez zinen damutuko, ezta?

Ezta batere, Camarada Camarillo.

Zapparen lurraldearen gainean egon behar genuen inondik ere: gu bakarrik geratzen ginen jauzi egiteko.

Arrazoia eman ziguten bozgorailuek.

Camarillo brillo!

Begia keinatu zidan zapata zuridunak jauzi egin aurretik.

Ondo egin diagu, gazte. Egin behar genuena egin diagu.

Haren atzetik akuilatu ninduten ni ere. Airearen zafrada askatzailea sentitu nuen aurpegian, eguzki izpien epela. Nahikoa denbora izan nuen, azkenik. Nahikoa denbora jaiotzen ikusi ninduen Hego Amerikako nire herriaren izena ahazteko; gauaren erdian ohetik arrastaka aterarazi ninduten diktadorearen gizonekin akordatuagatik ere, orezta zuen soldadu gaztearen militar bota sastarrak alegiazko zapata zuriekin ordezkatzeko, tinta-zanpagailuz betetako atxilo-etxea linbo bihurtzeko, borraren kolpea baino, aukeran, bihotzekoa nahiago nuela erabakitzeko; denbora, muinean, Margak eta biok azken aldian disko-jogailuan jartzen genituen kanten artetik Margaren gustukoena aukeratzeko, gertaeren bertsio ez-ofiziala eraikitzeko, denbora doia.

Atsegina zen sentipena: behera eta behera, ni erori baino, airea gorantz ote zetorren iruditu zitzaidan.

Paraxut zurigorri mordoa ikusten nuen han, nire azpian. Baina lurra txikiegia izateaz gain, urrunegi zegoen, eta eskuburdinak askatzea lortuta ere, ez neukan nirea irekitzeko batere gogorik.

Harkaitz Cano

«Camarillo brillo», Neguko zirkua. Susa, 2005

Frank Zapparen diskoaren barnealdea