Nire liburuetan argitaratzen dudana da nik defendatzen dudana, eta jendeak nire bizitza pribatua bake santuan uztea gustatuko litzaidake

Charles A. Fenton-i, La Finca Vigia, 1952ko ekainaren 18a

Fenton jaun agurgarria:

Sentitzen dut nire gutunak gogaitu bazaitu, eta, halaber, sentitzen dut zuk idatzi izana bidali zenidan gutuna. Bart hiru orrialdeko eskutitz bat idatzi nizun. Baina orain, egunsentian, hoztasunez eta zintzotasunez idazten saiatuko naiz, haserrerik gabe. Utz ditzagun alde batera nire izaerari buruzkoak-eta. Nahikoa jende ikusi dut bere onetik ateratzen hori ulertzeko moduan; badakit zein zintzoa izaten saiatu nintzen zuk zure proiektua zela esan zenuenarekin, eta askotan esan didate ere ez naizela pertsona berritsuegia. Hitz gutxiegikoa askotan, eta hori ez gustatzea, bale. Baina berritsua ez, eta normalean alaia izaten naiz.

Hemingway Oak Parken 1919an

Hau da kontua. Nobela bikain bat nuen Oak Parki buruz, baina ez nuke sekulan idatzi izanen, ez litzaidakeelako gustatuko bizirik zeudenei minik ematea. Ez dut uste gizon batek dirua irabazi beharko lukeenik bere aitaren suizidioarekin, ezta horretara bultzatu zuen haren amarenarekin ere… Tom Wolfek bere bizitzari buruz baino ez zuen idatzi, erretorika pixka bat erantsiz. Nik mundu madarikatu guztiari buruz idatzi nahi nuen, hura ezagutzera heltzeko gai banintzen. Hasi nintzenean, narrazio labur batzuk idatzi nituen benetako gauzei buruz, eta horietako bik hainbat laguni min eman zieten. Gaizki sentitu nintzen horregatik. Geroago, benetako pertsonak erabiltzen banituen, soilik nire errespetua guztiz galdutakoak erabiltzen nituen, eta haiei lezio bat ematen saiatzen nintzen. Badakit honek guztiak oso noblea dirudiela, baina benetan kakatzarra besterik ez da. Fiestan Cohn-ekin identifikatzen den gizonak [Harold Loeb] behin esan zidan: «Baina zergatik negar eginarazi zenidan denbora guztian?».

Zera erantzun nion: «Entzun, zu hura bazara, orduan ni narratzailea izan behar naiz. Zakila moztu didatela uste duzu? Edo zu eta biok inoiz borrokatu izan bagina ez zintudala jipoituko? Behar adina aldiz boxeatu dugu halaxe litzatekeela jakin dezazun. Eta sekretu bat kontatuko dizut: negar asko egiten duzu gizona izateko».

Beraz, itzul gaitezen orain Oak Parkera, non aditu gisa sentitzen duzun zure betebeharra dela (noiz iristen da idazle bat aditu izatera eta halako betebeharrak edukitzera?) nire familia ikertzea ni oraindik bizirik nagoela… Pentsatzen dut Oak Parken inork ez nauela maite. Nire benetako lagunak hilda daude edo joan egin dira. Ni Oak Parketik pasatu nintzen eta ez nuen sekula jopuntutzat hartu. Zuri ez litzaizuke gustatuko zure jaioterria bonbardatzea, ezta? Ahal bezain laster alde egin zenuelako zure jaioterria izateari utzi izan balio ere, bonbardatuko zenuke? 

Hasi nintzenean, narrazio labur batzuk idatzi nituen benetako gauzei buruz, eta horietako bik hainbat laguni min eman zieten. Gaizki sentitu nintzen horregatik.

Nire familian-eta barneratzen zarenean, pribatutasunaren inbasioa da niretzat, eta atzera egiteko eta bertan behera uzteko eskatu nizun. Etikaren eta sen onaren edozein urraketarako interpretazio justifikagarriak daude. Baina uste dut ados egongo zarela: Oak Parki buruz idatzi izan banu hori ikertzeak zentzua izango luke. Baina ez nuen idatzi.

Badakit hobe dela tipo zintzo batek zure lanaz idaztea lotsagabe batek baino. Tipo zintzoa zarela uste dut. Baina inork ez du gogoko zelatatu dezaten. Horrek ez du esan nahi harroputza zarenik. Esan nahi du ez zaizula gustatzen zelatatua edo ikertua izatea, ala edozein detektibe afizionatuk galdekatua –berdin dio zeinen aditu edo zintzoa den–. Hori ulertzeko gai izan beharko zenuke, Fenton. Gure arbasoek herri hau sortu zutenean, printzipioz bederen, adostu zuten eskubideetako bat zen.

Hemingway Milango ospitalean 1918an

Gero [Lionel] Moise-ren kontua dago [The Kansas City Stareko editorea]. Saiatu nintzen gogoratzen ea inoiz lagundu ote nion Moiseri etxera iristen prostituta batek edo norbaiten senarrak sastakatu zuenean, eta ea han ote nengoen komisariako prentsa-aretoko leihotik idazmakina bat jaurti zuenean, eta benetan ezin izan nuen. Kazetaritza-lanean ikasi behar da egunero ahazten aurreko egunean gertatutakoa. Kansas Cityn dena zoragarria iruditzen zitzaidan (abesti baten esaldia dirudi), baina egunkari batean egiten nuen lan, eta horregatik ezin dut behar bezala gogoratu. Zure liburuan idatz dezakezu kazetaritza-lana baliotsua dela zure memoria bortxaz suntsitzen hasten den arte. Idazle batek utzi egin behar du puntu horretara iritsi aurretik. Baina beti geratuko zaizkio orbanak. Gerrako edozein esperientziak bezala, idazle batentzat balio kalkulaezina dauka. Baina gehiegi izatekotan suntsitzailea da. Agian zuk nik baino hobeto idatz zenezake honetaz. Hain luzaz eta hain ongi armadan zerbitzatu izan ez bazenu, segurasko idazten egongo zinateke, idazten irakasten egon beharrean, eta nire haurtzaroa zelatatzen egon beharrean. 

Baina ondotxo dakit niretzat Hurtgengo basoa askoz ere suntsitzaileagoa izan zela hezitzailea baino.

Utz dezagun alde batera Dave Randall [Scribners argitaletxeko Liburu Arraroen Sailekoa]. Lehenik eta behin, ez nuen gaia atera behar. 

Espero dut hau idatzia dagoen izpirituarekin hartuko duzula. Konfiantza osoa nuen zure proiektuan. Baina kontroletik ateratzen ari zen. Horren froga da zenbateraino behartu zaituzten idatzi zenuena luzatzera. Ados zaude?

Idatzi zer pentsatzen duzun, eta utzi alde batera gu bezalakoak zirikatzen dituzten hitzak. Agian ez nuke neure burua sartu behar gu bezalakoen artean. Baina idazketari lotutako estandar etiko batzuk ditut; zerrendatzen dituzun nire ezkontzak, nire akatsak eta bestelakoak gorabehera. Agian 52 urte –ia 53– dituzunean, akats batzuk egingo dituzu zuk ere. Normalean ezkontzeko arrazoiak egon badaude, eta Jainkoaren izenean espero dut nik horiek sekulan ez ematea. Nire liburuetan argitaratzen dudana da nik defendatzen dudana, eta jendeak nire bizitza pribatua bake santuan uztea gustatuko litzaidake. Zer eskubide du inork horretan sartzeko? Nik esango nuke inolako eskubiderik ez duela.

Zorterik onena, benetan zortea.

Ernest Hemingway

Selected Letters (Granada, 1981), Mikel Sotok euskaratua

Irudia: Ernest Hemingway bere seme Patrick eta Gregoryrekin Kubako Finca Vigian.