Edertasunak on egiten digulako. Lilurak barrua betetzen digulako. Harridurak piztu egiten gaituelako

Atsegin den zerbaiti deitzen diogu polit, baina zerbait hori atsegina izateaz gain, betegarria eta asegarria ere badenean eder erabiltzen dugu, edo handi. Edertasunak lilura sortarazten digu. Gure barruan zerbaitek gainezka egingo balu bezala. Eta mutu geratzen gara. Harrituta. Txundituta. Eta gehiago nahi dugu. Edertasunak on egiten digulako. Lilurak barrua betetzen digulako. Harridurak piztu egiten gaituelako. (…)

Edertasuna askatasunaren senide hurbila omen. Askatasuna erabakitzeko ahalmenarekin lotuta egonik, on egitea aukeratzen baduzu, hortxe duzulako Edertasuna. Eta berarekin batera, maitasuna. Askatasunean jaio ohi delako maitasuna.

Askatasuna. Maitasuna. Eta kontsolatzeko ahalmena: hori ere baduelako.

Berezkoa omen dugu Edertasuna sumatzeko ahalmena. Edertasun gosez jaio garenez, trebakuntzak hobetu baino ez du egingo berezkoa. Beraz, zergatik ez hezi Edertasunean? Edertasuna preziatzen ari garelarik, arreta ari gara lantzen. Eta arreta lantzean, besteari erreparatzen ari gara; izan pertsona, abere edo landarea. Besteari erreparatzen diogunean, besteari kasu egiten ikasten dugu. Inguruari adi gaudelarik, egunerokotasunak indar berezia hartzen du, ez garelako «solte» sentitzen: dagoenaz jabetzen gara, sentikor egiten gara. Begiak irekitzen ditugu eta harmonia, oreka edo bake gisako hitzak paperetik salto egiten dute gure artean bizitzeko. 

Beraz, teknologia azkarren garaiotan, agian ondo legoke estimulu eta informazio adina isilune eta isil-gune —ere— sortzea gure inguruan, sentitutakoaz hausnartu, harritu gaituenaz jabetu eta inguratzen gaituen Edertasunaz gozatzeko. 

Isiluneak eta isil-guneak, hitzaren balioaz jabetzeko.

Ahotsa berreskuratzeko.

Yolanda Arrieta Malaxetxebarria

Aho bete amets: Ahozko haur poesiaren alde, Denonartean, 2016

Gregory Peck irakurtzen